2.578 langabe gehiago utzi ditu urtarrilak Hego Euskal Herrian. Guztira, 172.455 dira gaur egun Hego Euskal Herrian langabezian dauden herritarrak, Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzuak emandako datuen arabera.
Gizarte Segurantzaren datuei erreparatuta, duela urtebete baino 21.593 lagun gutxiago daude afiliatuta Hego Euskal Herrian.
EAEko datuetan zentratu da Eusko Jaurlaritza, eta nabarmendu du aurreko urteko datuekin alderatuta, langabeziaren igoera nabarmen handiagoa dela gizonen artean (%13,42) emakumeen artean baino (% 9,33). Hala ere, langabetuen %55,31 emakumeak dira.
Aurreko urtearekin alderatuta, 16 eta 24 urte arteko langabeziak gora egin du EAEn (%29,37), eta 54 urtetik gorakoen artean igoera apalagoa izan da (%6,56). Lehen lan-esperientzia izan ez dutenen kopurua %14 igo da.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, iazko egoerarekin alderatuta, zerbitzuetan %11,64 hazi da langabezia eta industrian %8,83. Lehen sektorean %6,13 egin du gora eta eraikuntzan, %6,69. Horrez gain, aurreko urtearekin alderatuta, iraupen luzez langabezian dagoen jende kopurua %20,80 hazi da EAEn eta epe laburrekoa, berriz, %2,24. Egun, langabeen %52, hau da, 67.983 pertsona, iraupen luzekoak dira Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban.