argia.eus
INPRIMATU
Lanera itzuli dira Tubos Mecánicos Norteko langileak, greba mugagabean geldialdia eginda
  • COVID-19aren krisia dela eta erabaki dute lanera itzultzea, egoera honetan greba eginda enpresari kaltea baino mesedea egiten diotela iritzita.

Aiaraldea @aiaraldea Txabi Alvarado Bañares 2020ko ekainaren 04a
112 egun eman dituzte greban Tubos Mecánicos Norteko langileek (Argazkia: Aiaraldea.eus)

Lanera itzuli ziren astelehenean Tubos Mecánicos Norteko langileak, orain arte egiten zeuden greba mugagabea behin behinean geldituta. COVID-19ak sortutako egoerak bultzatu ditu erabaki hori hartzera. “Koronabirusaren krisia hasi baino lehen, grebak kalte nabaria egiten zion enpresari, lantegian eskaera ugari zituelako langile faltagatik aurrera ateratzen ari ez zirenak”, azaldu dute langileen ordezkariek, “orain, baina, greban egonda enpresari mesede egiten diogu, kaltea egin beharrean, eskaririk ez dagoelako”. Gauzak hala, eskariak egon arte itxarotea da langileen asmoa, gero zuzendaritzari aldarrikapenak berriz mahai gainean jarri ahal izateko.

112 egun greban

Otsailaren 10ean utzi zioten lan egiteari Tubos Mecánicos Norteko beharginek. 112 egun eman dituzte guztira borrokan. Lehen asteak fabrikaren aurrean igaro zituzten. Baina koronabirusaren krisia hasi zenean bertan zuten karpa desmuntatu eta etxera joan behar izan zuten.

Grebalarien aldarrikapenak ez dira aldatu 112 egun hauetan zehar. “Lan baldintza duinak” eskatzen dituzte, eta soldata altuagoa aldarrikatzen dute bereziki. ELA sindikatuak salatu duenez, beharginei aplikatzen zaien hitzarmenak 2008 urtetik darama berritu gabe. Tubacexena da Tubos Mecanicos Norte, baina bertako beharginek enpresa-taldearen gainontzeko lantegietakoek baino gutxiago kobratzen dute, “lanaldia askoz luzeagoa den arren”. Horregatik, “lanaren araberako soldata eskuratzea” dute aldarri nagusi. Salatu dutenez, enpresak “banakako harremanak” sustatu ditu beti langileen artean, “banaketa sustatzeko”.  

Beharginek ziurtatu dutenez, hiru hilabete hauetan zehar ez dute erantzun positiborik jaso zuzendaritzaren partetik. “Soldatarekin ados ez bagaude enpresatik joan gaitezkeela da esan diguten gauza bakarra”.