argia.eus
INPRIMATU
Ongi etorri talent: Confebasken formula berria “laneko immigrazioa” eta eskulana sustatzeko
  • Confesbask enpresarien elkarteak “erronka demografikoaren” aurrean hainbat datu eta ondorio plazaratu ditu. Bere esanetan egungo jaiotze tasarekin 240.000 lanpostu galduko lirateke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hurrengo hiru hamarkadatan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko urriaren 26a
Ezker-eskuin: Pascal Gomez, Seako lehendakaria; Eduardo Junkera, Adegikoa; Isabel Busto, Confebaskekoa eta Carolina PĂ©rez Toledo, Cebekekoa (argazkia: Confebask)

Migrazio politika bere esparrura ekarri du oraingoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako patronalak: enpresek biztanleriaren bilakaeraren aurrean euren oparotasunari eta etekinei eusteko funtsekotzat du; baina “laneko immigrazioa” du funtsezko, eta hori sustatzeko neurriak eskatu ditu. “Erronka demografikoari” aurre egiteko bi hanketako bat litzateke hori bere ustez. Bestea, jaiotze tasa sustatzea.

Bilbon asteartean demografia eta enpresen inguruan egindako foroan gaiaren inguruko bere iritzia plazaratu du enpresarien elkarteak, datuez eta ondorioz estalita. Emandako datuen artean daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hamar urtean langileen %25ak erretiroa hartuko duela eta hogeita hamar urtean %70ak: “Urte horietan 400.000 pertsona txertatu beharko dira lan merkatuan, Euskadiko oparotasun maila mantendu nahi badugu”.

Eduardo Arechaga Confebaskeko zuzendariak foroan azaldu duenez, egungo jaiotze tasarekin jarraituz gero 2050ean 240.000 lanpostu galduko lirateke hiru lurralde horietan: “Kanpoan bizi diren euskal jatorriko 98.000 langileak itzulita ere, ez genuke arazoa konponduko”, ondorioztatu du.

“Senegalen eta jatorriko beste herrialde batzuetan formaziorako eskola-tailerrak sortu beharko genituzke”, esan du foroaren une batean SEA Arabako patronaleko buru Pascal Gómezek

Irtenbidea, “laneko immigrazioa” sustatzea da Confebasken ustez, eta kanpoan “talentua” bilatzea. “Senegalen eta jatorriko beste herrialde batzuetan formaziorako eskola-tailerrak sortu beharko genituzke”, esan du foroaren une batean SEA Arabako patronaleko buru Pascal Gómezek, El Diariok jaso duenez.

Isabel Busto Confebaskeko presidentearen iritziz “Basque talent estrategiaren antzeko zerbait” beharko litzateke, erakunde, enpresa, unibertsitate eta hezkuntza sistemak diseinatua; hori bai, albo batera utzi gabe “beharrean daudenei laguntzea”.

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, hala ere, atzerritarren kontsumo-mailak aisa gainditzen du jasotzen dituzten laguntza publikoen kopurua, ekonomiari bultzada emanez, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Berria-ko artikulu honetan gogorarazi duen moduan.

Migrazio politikaren eskumen osoa Eusko Jaurlaritzaren esku geratzea eskatu du patronalak astearteko ekitaldian, eta “leihatila bakar” bat sortzea, “lanera etortzea” erabakitzen dutenei tramite burokratikoak errazteko: "'Ongi etorri talent' antzeko zerbait", aipatu du Bustok bere hitzaldian.

Enpresariek ez dute azaldu sistema hori nola uztartuko litzatekeen migratzaileek beste edozein bezala harrera herrian duintasunez bizitzeko duten eskubidearekin, eta hurrengo urtetarako eskatu dituzten milaka langileek izango lituzketen baldintza laboralei buruz ere ez dute askorik hitz egin.

Epaiketa Bilbon

Hain justu, hiri eta egun berean epaiketa izan du Confesbakek, uko egin diolako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeko langileen hitzarmenaren negoziazio mahaia osatzeari. LABek auzitegietara jo zuen ondorioz.

 Confebaskek epaiketa izan du hiri eta egun berean, etxeko langileen hitzarmena negoziatzeko mahaian esertzeari uko egin diolako. (argazkia: LAB)

“Gizarte gisa ezin dugu onartu zaintza lana egungo baldintzetan egitea, guztiz beharrezkoa eta ezinbestekoa baita bizitzari eusteko. Ezin dugu lan esplotazio hori onartu”, azaldu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak auzitegi atarian eginiko elkarretaratzean.