Astebetean lau lagun hil dira lanean ari zirela Euskal herrian. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratze bateratua egingo dute asteartean Bilbon, prekarietate egoera salatzeko.
Astelehenean bi langile hil ziren Zarautzen eta Zestoan, asteazkenean berriz beste bi, Loiuko altzairutegi batean bata eta Bizkaiko Barazarren kamioia gidatzen ari zela bestea. Horri gehitu behar zaio asteartean Irungo CAFeko langile ohi baten heriotza, amiantoak sorturiko mesotelioma baten ondorioz. Gorakada hori ez da kasualitatea edo zoriak eragina sindikatuen aburuz, gero eta larriagoa den prekarietateak eraginda baizik.
Garraiolarien sektorean gertatzen ari dena nabarmendu nahi izan dute. Salatu dutenez, sarritan garraiolari eta gidarien heriotzak “ezkutatzen” saiatzen dira hildakoen zenbatekoetatik: “Zergatik apaindu zenbakiak? Erantzuna erraza da: beldurgarriak direlako”. Hala, 2018an hildako 64 langiletik 24 errepidean hil ziren. Drama horren atzean presa, estresa, salnuerri baxuak, gehiegizko orduak eta derrigorrezko zamaketa eta hustutze lanak daudela diote.
Sindikatuek erregulazio bat eskatu dute sektorearentzat, kooperatiba “faltsuen” atzean “ia esklabutzan bizi diren gidariak” daudelako. Administrazioak, aldiz “beste aldera” begiratzen duela diote.
Jadanik 20 lagunetik gora hil dira aurten lanean ari zirela. Egoera horren aurrean, datorren asteartean elkarretaratzea egingo dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean.