Urte berri honen hasierarekin batera, lan-istripu hilgarriak ugaritu egin dira Euskal Herrian. Lerro hauek idazterakoan jadanik hamaika langilek galdu dute bizia aurten beren lanagatik. 2019an, laneko gaitz horrek 46 pertsona eraman zituen Euskal Herriko bost lurraldetan.
Langile bat hiltzen den bakoitzean, kapitala, enpresa eta administrazioak salatzen dituzten lanuzte eta mobilizazioak ikusten ditugu, kontratu askoren prekarietatea azaleratzeko, segurtasun neurriak eskatzeko edo lan baldintzen hobekuntzetan inbertsiorik ez dela egiten gogorarazteko. Horrela salatzen dute enpresa-batzordeek eta sindikatuek, eta arrazoi osoa dute; positiboa da hori egitea gainera, heriotza bat erregistratzen den bakoitzean.
Aitzitik, enpresa-batzordeek, sindikatuek eta langileek berek ere, beren gain hartu behar dute laneko gertaera askori aurre egiteko duten ardura. Lehenak izan behar dira segurtasun neurriak bete eta betearazten. Lehenak lankideei ohartarazten ez daudela baldintza onean lanean. Enpresari segurtasunean inbertitu dezala exijitu beharko liokete lehenik eta behin; eta azpikontratak berrikusi ditzala eskatu, lan-kontratuetako baldintzak eta segurtasun neurriak zorrotz bete daitezen.
Langileek, enpresa-batzordeek eta sindikatuek ardura hori beren gain hartuta, indar gehiagoz eskatu ahal izango diete kapitalari, patronalari eta administrazioei eurena hartzeko. Langileen heriotza gehiago saihestea, edo ahalik eta gehien murriztea, denon esku ere badago.