Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak The Champions Burger jardunaldian langileek pairatzen dituzten lan-baldintza kaxkarrak salatu zituen aurreko astean The Champions Bugerrek langileak esplotatzen ditu lelopean.
Ekitaldi gastronomikoa hamaika egunez izan zen Iruñeko Runa parkean, eta 150.000 lagun baino gehiago igaro ziren antolatzaileen arabera.
Lehengo astean Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak “enpresariek etekinak handitzearren bertan lan egiten duten langileen lan-baldintza miserableak” salatu zituen sare sozialetan. Pare bat egun beranduago, irailaren 27an, salaketa horien aurrean Sareak eta The Champions Bugerreko zenbait langilek protesta egin zuten parkean bertan, lan-baldintza kaxkar horiek gaitzesteko. Langile horiek kaleratu ditu ekitaldiaren zuzendaritzak Laneko Autodefentsa Sareak jakinarazi duenez.
Sarean antolakundeak argitara eman duenez, The Champions Burgerreko zuzendaritzak Nafarroako Ostalaritza sektoreko Hitzarmen Kolektiboa aplikatu ordez Valentziakoa ezarri zuen, hala, langileek zegokien soldataren erdia kobratu zuten (ordua 8 euroan). Langile horiek ere bere lan kategoriatik kanpoko eginkizunak betetzera behartu zituzten. 22:00etatik 06:00etara lan egin zuten beharginak ez zuten gaueko plusik kobratu, ezta jaiegunetan eta igandeetan lan egiteagatik ere. Enpresak 15 minututako atsedenaldia ere ukatu zien.
Egoera ikusita, The Champions Burger egon den lekuetako Autodefentsa Sareekin harremanetan jartzeko deia egin dute Iruñerriakoek, eta "enpresariek langileen antolakuntzarako beharrezkoak diren baldintzen aurka gauzatzen dituzten erasoen inpunitateari aurre egiteko" helburua berretsi dute.