argia.eus
INPRIMATU
Esperientzia trukeak
Lanean inklusioa nola sustatu aztertuko dute enpresa eta eragileek Hernanin
  • Beterri Saretuz ekonomia eraldatzailearen ekimenak antolatuta, Esperientzia Trukeen hirugarren saioa egingo dute Hernanin asteazkenean, laneko inklusioaren inguruan. Hainbat gairen inguruan enpresen arteko ezagutza partekatu eta "elkar entzun eta ikasteko" saioak dira.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 09a
Sutargi enpresaren esperientzia azalduko dute, besteak beste (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Laneko inklusioaren inguruan hainbat esperientzia ezagutu eta enpresetan izan ohi diren galderak eta zalantzak partekatzeko saioa egingo dute Hernanin maiatzaren 11n, asteazkenarekin, Beterri Saretuz Beterri-Buruntzako ekonomia eraldatzailearen ekimenak antolatutako Esperientzia Trukeen barruan. "Gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonen inklusioa nola landu genezake gure enpresetan?" hori da erantzuten saiatuko diren galderetako bat. Hainbat gonbidatu ere izango dituzte, inklusioa nola lantzen duten azaltzeko.

Lasarte-Orian egoitza duen Sutargi irabazi asmorik gabeko lan-sozietateko Jennifer Alonso ariko da alde batetik. Sutargi 1992tik ari da bazterketa arriskuan dauden edo desgaitasuna duten pertsonekin lanean. ARGIAk elkarrizketa egin dio Alonsori horren inguruan: "Enpresa edo proiektuen ikuspegi eta balioen inguruan hausnartzen hasten garen unetik, gauza asko egin daitezke inklusioari dagokionez", azaldu digu.

Bestetik, Zabalduz kooperatibako Andoni Zulaikak ere hitz egingo du asteazkenean Hernaniko saioan. Zabalduzek, besteak beste, babesgabetasun eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin egiten du lan, eta inklusio soziolaborala du bere ildoetako bat. Gipuzkoako Foru Aldundiko Babes eta Inklusio sarean dauden gazteak enpleguratzeko Batzen programa kudeatzen du, esaterako.

Saioa Bogan kooperatiben taldeak Hernanin duen egoitzan egingo da, Ibaiondo industrialdean (Orbegozo eraikina), 11:00etatik 13:00etara, eta izen ematea zabalik dago oraindik.

"Bazkidetza prozesuen zikloa askoz luzeagoa da"

Pasa den astean beste esperientzia truke bat egin zuten, Hernaniko Iturola elkarlan sorgunean, bazkidetza prozesuen inguruan: "Aukera izan dugu enpresa eta eragile bakoitzak bere indargune, ahulgune eta kezkak elkarbanatzeko", azaldu du Maitane Barrenetxea Beterri Saretuzeko kide eta saioaren dinamizatzaileak.

"Bi gairen bueltan hartu dugu denbora gehiena. Batetik, bazkidetza prozesuak zein lotuta dauden hautagaitzekin; prozesua ez dela hasten bazkide izaten garen momentutik, zikloa askoz zabalagoa dela. Eta bestetik, bazkide izatea zerekin lotzen dugun".

Hirugarren saioaren ostean, zikloa ixteko, Beterri Saretuzeko eskualdeko emakumeen foroa egingo dute ekainaren 1ean.