Berdintasuna enpresetan nola lantzen dugun aztertzeko formazio saioa egin du Beterri Saretuz egitasmoak. Berdintasun Planen inguruko informazioa jasotzeaz gain, berdintasuna praktikara nola eraman ere hausnartu dute.
Soldata arrakalaren kontrako egunean, Beterri-Buruntza eskualdeko ekonomia eraldatzailearen sareak, Beterri Saretuzek, formazio saio berezia egin du Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean. Berdintasuna enpresan izenpean, berdintasuna lan arloan nola landu aztertu dute saiora joandako kooperatiba eta eragileetako ordezkariek. Helburu bikoitza izan dute: alde batetik Berdintasun Planen inguruko informazio teknikoa jasotzea; bestetik, plan horietatik harago, lanean praktikan egin daitekeenaz hausnartzea.
Berdintasun plan batek arlo hori “modu kontzientean eta planifikatuan” lantzeko aukera ematen duela azaldu du Elhuyar Fundazioko teknikari Joana Regueirok, baina halako plan bat ezartzean “etengabeko ebaluazio bat” ere eskatzen duela. Regueirok Espainiako Estatuko eta EAEko legediak dakartzaten arauak eta berritasunak xehatu ditu bere hitzartzean.
Soldata arrakala murrizteko auditoria
Berdintasun politiken inguruko 2007ko espainiar lege organikoari aldaketak egin beharra ikusi zitzaion 2019an, eta Espainiako Gobernuak hainbat dekretu kaleratu zituen urte hartan. Hala, 50 langile baino gehiagoko enpresek Berdintasun Plan bat izan behar dute geroztik. Hortik beherako enpresak ez daude horretara derrigortuta, baina bai jazarpenen kontrako protokolo bat izatera eta soldaten erregistro bat eramatera.
“Azpitik, sentsibilizaziora eta prebentziora bideraturiko estrategia bat dago”
Joana Regueiro (Elhuyar)
“Ordainsarien gardentasun printzipioa” da araudi berriak ekarri duen aldaketa nagusietako bat, teknikariaren esanetan. Hor barruan sartzen da soldaten erregistroa, eta 50 langiletik gorako enpresek auditoria bat ere egin behar dute, genero aldetik egon daitezkeen ezberdintasunak eta “zeharkako bereizkeria” aztertzeko. Izan ere, Regueiroren esanetan enpresa askotan bereizkeria horri “ezikusiarena” egin ohi zaio oraindik.
Hitz horiek baieztatzen dituen datuak eman ditu berriki, hain justu, LAB sindikatuak. Honen arabera, Euskal Herrian kategoria bereko bi lanen arteko soldata arrakala %90ekoa izan daiteke eta gizon batek emakume baten bikoitza irabazi dezake lan beragatik.
Regueiroren ustez, halako egoerei aurre egiteko tresna garrantzitsu bat dakar legeak: “Langileei informazio hori emateko beharra”. Azaldu duenez, soldata politikak ez dira orain arte zerbait publikoa izan, eta orain, legeak langileekin partekatzera behartzen ditu enpresak.
Legeak dituen hutsuneak ere azpimarratu ditu Elhuyarreko kideak, esaterako, kooperatiben kasuan “linbo” batean utzi dituela dio, neurriek langileari eragiten baitie, eta ez bazkideari.
Galderen txandan, jazarpenen kontrako protokoloen zurruntasunaz galdetu diote Regueirori, eta onartu du oso “konbentzionalak” direla, baina beraiek saiatzen direla enpresaren edo erakundearen errealitatera ekartzen: “Azpitik, sentsibilizaziora eta prebentziora bideraturiko estrategia bat dago”.
Berdintasuna vs. parekidetasuna
Formazio saioren bigarren zatian Ibai Fresnedok hitz egin du, parekidetasun gaietan aholkularitza eta akanpaiamendua eskaintzen duen Hiruki Larroxa kooperatibako kidea. Azaldu duenez, beraiek ez dituzte Berdintasun Planak diseinatzen, baina enpresei eta erakundeei bidean sortzen zaizkien korapiloak askatzen eta zalantzak argitzen laguntzen diete.
“Enpresaren eguneroko kultura horretan Berdintasun Planek ez dute islarik”
Ibai Fresnedo (Hiruki Larroxa)
Bere ustez “enpresaren eguneroko kultura horretan Berdintasun Planek ez dute islarik” eta ikuspegi aldetik hutsune handiak izaten dira ondorioz, esaterako harremanetan aktibatzen diren arlo “sinbolikoak” identifikatzeko.
Sortu ohi diren korapilo ohikoenak aipatu ditu Fresnedok: politikoki zuzenak edo lagunkoiak diren diskurtsoak elikatzen dituen “berdintasun faltsua” delakoa, edo androzentismoa tarteko. Azkeneko honi dagokionez, lanean ere “rolak sotilki birsortzen dira, edo behintzat joera dago horretarako, enpresetatik kanpo dauden faktoreengatik”, azpimarratu du.
Saioan zehar hausnarketarako bidea ere ireki du: “Berdintasuna eta parekidetasuna gauza bera al dira?”. Fresnedok azaldu duenez, gauza bat da baliabideak edo laguntza denei uniformeki eta berdin ematea, eta bestea baliabide horiek bakoitzaren egoeraren arabera egokitzea, “desberdintasunak identifikatuz”. Baina Hiruki Larroxako kidearen ustez, hoberena litzateke “sistema bera konpontzea”, desberdintasun horiek sustraitik egon ez daitezen, justizia sozialaren bidetik.
Gizarte desoreken inguruan aritu da saioaren amaieran hizlaria. Argi utzi du genero, arraza eta klaseen araberako zapalkuntzak elkar elikatzen direla eta horren aurrean ikuspegi intersekzionala beharrezkoa dela, feminismotik egin den moduan: “Berdintasuna unibertsala den heinean, ezin gara geratu generoarekin bakarrik”, azaldu du Fresnedok. Horregatik, bere esanetan, hoberena litzateke gai horiek guztiak barnebilduko lituzkeen “plan estrategiko sozial bat” izatea.
Beterri Saretuzek antolatu dituen hiru formazio saioetatik bigarrena izan da honakoa, eta formazioaren ostean, parte hartu duten kooperatiba, eragile eta proiektuei bidelaguntza izateko aukera eskaini die, gaian sakondu eta urratsak ematen joateko.