argia.eus
INPRIMATU
Surf parke bat atzera bota dute Landetan, pozik dira ekologistak
  • Frantziako Estatuan eraikitzekoak ziren hainbat surf parkeren proiektuak bota dituzte jada atzera. Castets Landes-ekoa izan da azkena, La Rèleve agerkarian irakurri dugunez. Egitasmoak aurreikusten zuen ur eta energia xahuketa salatu duten gizarte mugimenduak pozik agertu dira, baina oroitarazi dute Wavegarden bezelako enpresek proiektu berriak abiaraziko dituztela. "Borroka bat amaitzearekin bat hasten da hurrengoa", adierazi du Observatoire des Vagues Artificielles erakundeak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko apirilaren 03a

Orotara hamazazpi elkartek egin dute bat Castets Landes surf parkearen aurkako borrokan. 22.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta hainbat mobilizazio egin. Inbertsoreek atzera egin izana txalotu dute, erakutsi duelako herritarren borrokak fruituak eman ditzakeela, aipatu erakundeko kide Steven-ek dioenez.

Protesten oinarrian energia eta ur xahuketa gehiegizkoa dago. Zentzu horretan, Sevran hirian eraikitzekoa zen beste surf parke baten inguruko datua eman du La Rèleve-k: eraiki izan balitz, urtean 243 igerileku olinpikok beste ur kontsumituko zukeen. Castets-ekoaren kasuan, herri osoak kontsumitzen duen energia kopuruaren halako bi beharko luke, aurreikuspenen arabera. 2.100 biztanle dituen herriko alkateak oraindik ez du jakinarazi 20 hektareako baso-eremuarekin zer gertatuko den.

Donostiako surf parkea

Gurean ere badu presentziarik surf parke artifizialen gaiak. Donibane Lohizuneko egitasmoa geldirik zegoela jakin genuen 2020an, eta Donostiako Antondegiko proiektuaz apenas argitaratu da ezer azken hilabeteotan. Surf parke artifizialak kanalean ari gara gaiaren bueltako albisteak jasotzen, eta iazko ekainekoa da azkena: Donostiako olatu artifizialen parkeak ingurunean eragingo lukeen kalteaz ohartarazi du hainbat adituk.