argia.eus
INPRIMATU
Lander Martinezen akusazioak astakeriatzat jo ditu ATAk
  • Agiri baten bitartez adierazi dute mugimenduko kideek Podemoseko bozeramaile Lander Martinezi eraso egin izanaren ziurtasunik ez dutela eta “ATAren inguruko pertsona bat” izan zela esatea “anbiguoa” dela.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 07a
Elkarrekin Podemosek egin zuen prentsaurrekoa

Taberna bateko gertakizunak hainbat hamarkadatako gatazka politikoarekin alderatzea “astakeria” dela esan dute. Mugimendua amnistiaren aldeko antolakuntza sustatzeko jaio zela gogorarazi dute, “ez tabernako borrokak bultzatzeko”.

Lander Martinezen aurkako erasoak alderdiaren “bake, bizikidetza eta biolentziaren deslegitimizazio proiektua” indartu duela adierazi zuen atzo Podemosek. Baita Euskal Herrian “iraganeko inertzian kokatzen diren ekintzak” daudela ere.

“Hedabideen eta politikarien kriminalizazio saiakera salatu nahi dugu”, esan dute Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko kideek. “Salaketekin ‘dena da ATA’ pentsamolde bat sortu nahi dute, garai bateko ‘dena da ETA’".

Errepresioari aurre egin eta defendatzen dutenaren alde lanean jarraituko dutela ziurtatu dute.