Zer da baratzea baino erotikoagorik? Nik ez dut ezagutzen. Mila esker, eta beste mila landareei sexualitatea asmatzeagatik. Ez dakit izango ote ginatekeenik ere haien asmakuntza hori gabe.
Sexua nola ulertzen dute landareek? Garatu ere nola garatu dute? Sexualitateak landareen aurrerabidea ekarri zuen; landare barietate berriak dira espezie baten iraupenerako bermea. Horretarako emea eta arra elkartu eta bien arteko ezaugarrien nahasketatik sortuko diren ondorengoak behar dira. Horietako batzuk bideragarriak izango dira eta espezieari geroa ekarriko diote, oparoagoa ia beti. Sexuen batura eta nahasketa hori gauzatzeko landare gehienek lorearen egitura hobetsi zuten. Hiru bide ditu: baga, lore emeak eta lore arrak bi landaretan bereizita; biga, lore emeak eta lore arrak landare berean, eta gehienek lore hermafroditak, bi sexuak biltzen dituzten loreak dituzte.
Emea eta arra elkartu eta emea emate bidean (haziak daramatzan fruitua sortze bidean) jartzeko, emea ernaldu egin behar da. Arraren polenak emearenganako bidea egin behar du eta ernaldu. Bide hori egiteko moduak bi multzo nagusitan bana ditzakegu: alogamoak eta autogamoak. Alogamoek lupugintzan ariko diren estalgile bitartekariak behar dituzte. Autogamoak bere kaxa moldatzen dira, ez dute behar ez lagunik ez laguntzailerik.
Landare alogamoak nahitaez beste baten polena jaso behar du, polinizazio gurutzatua eginez. Landareak mugitzen dira baina lan hau osatzeko behar adina ez. Ez dira animaliok bezala, ernaltzeko mugitzen eta elkartzen. Landareek bitartekariak behar dituzte sexu eman-hartuan. Eta bitartekari, mandatari, kontakatiluak lepo lanean, polena hara-hona darabiltenen dantzan: zazpi haizeak, erlea, erlastarra, liztorra, eulia, kakalardoa eta abar.
Landare autogamoak lore bakoitzean gauzatzen du polinizazioa, lorea ireki aurretik edo ondoren.
Baratzean lan egiten duena, ortuan, lorategian, sagastian, mahastian… pozik, pozaren hasperenetan sumatzen da, landarearen etorria eta emana gozatzen ditu. Landareen erotikak ba ote du eraginik poz horretan? Lorearen zetazko petaloen ukimena eta dardaizoa, usain gozo hordigarria, pistilo edo lore orratz gustagarrien eta estamine edo lorezil tentetuen arteko gurutzamenaren artea, forma erakargarriak. Baratzea bero-bero dagoenean poztu eta kitzikatuko ez da ba baratzezaina!
Landareen ohituretan eta ugalketaren fisiologian sakontzeak eta hortik ikasitakoak aukera ederra damaigute haiek ulertzeko eta haien sexuaren ondorio diren fruitu eta haziak lantzeko.
Landareen tratuetan sar gaitezke, estalgiletzan. Arbia garatu eta bere lore hermafroditak zabaltzeko irrika moteldu al dezakegu? Edo piperminaren sexu-grinari bultzada eman al diezaiokegu? Landareak ulertzeak, jakina, baratzezainak berak bere burua ere hobeto ulertzea dakar, ala? Arbiaren sexu trukea motelduz bere buruaren alferrik galtzea atzeratu eta probetxua luzatzen du. Pipermina berotu eta loreetako sexu festa akuilatuz, xaxatuz, pipermin aleak lehenago ekarriko ditu. Arbiak negua elikatuko digu, hotza berotuko; piperminarekin uda beroa sugartuko zaigu, izerdiak mugiarazita. Dena baratzezainaren onerako; eta mariberotuz gero jo zuhaitza edo arbola. Horien azalari larrua esaten zaio. Onena sagarrondo batekin eta apirilean, milaka lorerekin maitasuna egiten duen bitartean.