argia.eus
INPRIMATU
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an
  • Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta azalpen zirikalariak emango. Unai Agirrek ingurumenari buruzko bertso zaharrak kantatuko ditu. Irailaren 26an izango da, ostegunarekin, 19:00etan Tolosako Topic-en.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko irailaren 23a

Marea biziak ikusgarri daude azken egunotan. Ilargiak landareengan ere badu bere eragina eta Jakoba Errekondok idatzitako agenda honek adieraziko dizu 2025ean ilargia garai bakoitzean zein fasetan egongo den eta horren arabera landareetan zer lan egitea komeni den, emaitza hobeak jasotzeko. Balio du bai baratzerako, bai etxeko landareak hobeto zaintzeko, basoa gobernatzeko edo lorategia lantzeko.

Erabiltzaile batek egindako proposamena aintzat hartuta, 2025eko agendak hilekoaren informazioa idazteko taula ere badakar.

Herritar bakoitzak bere erabilera

Hizkuntzarekin gozatzen dutenentzat, astero esaera zahar bat eta hiztegia.

Hilabete bakoitzean bertako eta sasoiko zer barazki dauden azaltzen du, erosketak egiterakoan lagungarri izateko.

Naturzaleentzat, hilabete bakoitzean bertako piztia bat aurkezten du, hari buruzko azalpenekin eta Antton Olariagaren ilustrazio aberatsekin.

Baratzean hasi nahi duten herritar eta ikastetxerentzat, lehenego zortzi urratsak zein diren azaltzen du.

Eta dagoeneko baratzean jo eta su aritzen direnentzat, egunero garai horretan egiteko egokia den lan bat proposatuko dizu, baratzeko lanak antolatzen laguntzeko. Eta beste hamaika xehetasun ere bai: zein diren baratzea aberasten duten landare laguntzaileak, polinizatzaileak nola erakarri, ongarriketa ongi nola egin, landareen txandakatzea nola egin, zein landare jarri zeinen ondoan eta zein landarek ez duten elkar atsegin, tratamendu naturalak zein diren eeta nola egin, barazki bakoitza zehazki noiz erei-landatu-uzta jasotzen den...

Bulegoan lan egiten dugunontzat ere agenda erabilgarri eta atsegina da: hitzorduak eta eginbeharrak idazteko lekua dauka eta kanporako, naturarako leiho bat ere bada, Lurra garai horretan zertan ari den aktualitateari jarraitzeko.

Agendaz gehiago irakurtzeko: Itsaso Zubiriak ARGIAren Komunitatea atalean egindako artikulua.