Landarediak euskal toponimian duen garrantzia ebidentea da. Itsaso eta Itsasondo badaude Gipuzkoako barnealdean, ez da itsasoagatik, itsats edo isats landareari lotutako toponimoak direlako baizik. Zentzu honetan, Eibartik ekimen polita: izen toponimikoa duten herriko auzoetan, izen bereko arbolak eta zuhaixkak landatu ditu aurten udalak.
Honako izenak dituzten espezieetako arbolak eta zuhaixkak landatu dira: Urki (urkiak), Ipurua (ipuruak), Gorosta (gorostiak), Aginaga (hagin multzoa) eta Saratsuegi (sahatsak).
Zehazki, Urki Kurutzekua parkean hiru urki landatu dira (Urki auzoaren izen zahar bezala Urkidi dokumentatua dago); Ipuruan, bolategiko eta Argatxago lorategietan, futbol zelai ezagunetik gertu, bost ipuru (ginebra edaria ipuruaren fruitutik eratortzen da, bide batez); Gorosta auzoan bost gorosti Azitaingo industrialdeko parkeetan (Sustatu egiten da CodeSyntax enpresaren egoitzatik, eta hau Gorostaballen dago), Aginagan, landa-auzoko eskolaren inguruan, lau hagin (taxus baccatta); eta Saratsuegin (Eibarren auskatzen da Sautxi), skate parketik eta kirol-pistetatik gertu lausahats (salix) landatuko dira.
Twitterreko iruzkinetan irten da galdera ea ez ote den huntza hazten utziko Eibarko udaletxean, Untzaga plaza ezagunean dagoenez. Dirudienez, untsa/ulsa euskara zaharreko terminoarekin lotuago legoki hori, baina honen esanahia belardia izanik, aukera hor dago...
Bestalde, auzoa ez baina mendia da Kalamua, mugakide egiten duen Markinako herriarekin, eta hor ere kalamurik landatuko denik ez da informatu.
Gehiago jakiteko, hemen. Irudian, Ipuruan futbol zelai eta bolatokiaren artean landatutako ipuruetako batzuk.