argia.eus
INPRIMATU
Landare meatzarien euroak
  • Phyllanthus rufuschaneyi zuhaixkak nikela pilatzeko gaitasuna du. Landarea nikelak kutsatutako lur sailetan landatuz gero, landareari izerdia atera eta bertatik nikel zitratoa eskuratzen dute. Horrela, kolpe bakarrean nikel garbia lortu eta kutsatutako lurrak garbitu daitezke.

Jakoba Errekondo 2020ko martxoaren 27a

Meatzaritza jarduera kutsakorra da. Mea bila irekitzen diren zuloak eta bertatik ateratzen diren lurren eta haitzen pilaketak batetik eta mea bera garbitzeko eta arazteko teknikek bestetik ikaragarrizko kutsadura sortzen dute. Era guztietakoa (urekoa, airekoa, paisaiakoa...), eta eragin zuzena duena bai landareetan eta bai animalietan.

Animalion meatze lanak urte askoan pairatu dituzten lurraldeetan, pilatuta dagoen hondakin kimiko kutsakorren bat topatzea ez da estonatzekoa. Bat ala hamaika... Harritu behintzat ez naiz egiten ni.

“Ni” ikurrak kimikan nikela balio du. Nikela omen da burdinarekin batera gure planetaren bihotza osatzen duena. Asko erabiltzen da, batez ere altzairu herdoilgaitza egiteko. Asia da nikeletan aberatsena, eta bere ustiapenaren kutsadura ere han da ugariena; batez ere hego-ekialdeko uharteetan.

Uharte horietako batean dago (Borneon, Malaysiako partean) Taman Negara Kinabalu parke naturala. Han dago Lompoyou mendia. Bere hegalean bizi da Phyllanthus rufuschaneyi zuhaixka arraroa. Arraroa bai bakanagatik eta bai bere lanagatik: meatzaria da. Lur bereziak nahi ditu, ultramafikoak edo oso basikoak direnak, azidoen erabat aurkakoak, alegia. Horietan lurretik nikela erruz ustiatu eta pilatzeko joera du. Ez dugu ezagutzen tamaina horretako lana egiten duen beste landarerik. Landarearen pisuaren %12tik gora izan daiteke nikela. Ez dago horrela bizitzeko gai den besterik. Izugarria!

Izugarri arraroa da, banaka batzuk besterik ez da bizi eta bere genetikari eutsi eta etorkizunean izateko ahalegin handia egiten ari da. Etorkizun ekonomiko itzela iragartzen diote denek. Batzuek nikel meatzari gisa ikusten dute, fitomeatzaritza edo agromeatzaritza esaten diote: nikela pilatzeko gaitasun hori dela medio, metal horrekin kutsatutako lur sailetan landatu, izerdia atera landareari eta bertatik nikel zitratoa eskuratzen dute. Nikel garbia lortu eta kutsatutako lurrak garbitu. Bi erabilera horiek, meatzaria eta kutsadura garbitzailea, etorkizun oparoa dakarkiote landare bakan urriari. Izan ere, landarea duenak eta baliatzen duenak izango du kolkoa bete txanpon.

Txanponetan ere badugu nikela; eurokoaren erdiko diskoa, adibidez, nikelezkoa da. Jakin dezazun, nikela, zerbait bada, guztiz toxikoa eta minbizi eragilea da. Kontuz heldu euroari!