argia.eus
INPRIMATU
Ekoudalatx mintegia
“Landare ekologiko bila Zarautza joan behar izatea ez zen batere ekologikoa!”
  • Hori otu zitzaien Idurre Aranguren eta Nerea Altuna arrasatearrei duela urte mordoxka bat baratzegintza ekologikoan ari zirela. “Ortu ekologikoa geneukan aspalditik, baina landareak erosteko Zarautzeraino joan beharra genuen, eta beti ari nintzen horri bueltaka”, azaldu dute Ekoudalatxeko kideek. 2014an eskualdeko hutsune hori betetzeko asmoz ekin zioten mintegi ekologikoa sortzeari, hasiera batean, Bergarako Ubera auzoan lursail bat alokatuta. Produkzio txiki bat aurrera ateratzeko gai zirela ikusita, haien herritik hurbilagoko lursail baten bila hasi ziren. 2017an lortu zuten Arrasatera mugitzea.

Garazi Zabaleta 2022ko urriaren 06a

Arrasaten lurra eskuratzeko zailtasunak izan zituzten hasieran, oso lur gutxi baitzeuden inguru horretan. Erosteko zailtasunaren aurrean, baina, bestelako aukera bat ireki zitzaien haien bezero batzuen bidez. “Gure bezeroak ziren mediku batzuek proposatu ziguten Aita Menni ospitalean lur zatitxo bat uztea mintegia bertan jartzeko. Lurra ez da gurea, beraz, baina mintegia eta instalazioa bai”, azaldu dute proiektuko bi kideek. Gaztenek programaren dirulaguntza bati esker inbertsioa egin ahal izan zuten, eta lurra uzten dien Aita Menni ospitalekoei, trukean, hainbat formakuntza eskaintzen dizkiete urtean zehar. “Haiek ortugintzako taldetxo bat dute, egunero etortzen dira lanera, eta gure landareak darabiltzate”, diote.

Euskal Herrian mintegi ekologiko gutxi daudela azaldu dute proiektuko kideek; Gipuzkoan, esaterako, Zarauzko Blasenea –proiektua abiatu aurretik landare bila joaten ziren mintegia, hain zuzen– eta Ekokudalatx soilik ari dira horretan. Mintegi gutxi horien artean harremana badutela azaldu digute Arangurenek eta Altunak. “Gurean lurrak ez du inolako tratamendu kimikorik izaten eta haziek ere ez. Bestetik, fitosanitarioak bereziak dira: estraktuak, olioak edo bakteriak dira, ‘zero hondakin’ deiturikoak”, diote. Ahal den neurrian bertako hazi barietateak erabiltzen ere saiatzen direla azaldu dute, nahiz eta landareak legalki ekoizteko haziok erregistratuak egotea beharrezkoa denez, zailtasunak dituzten.

Ekologikoan, konbentzionalaren pare?

“Nik galdetuko nioke baratzean ari den jendeari: produktua erosten duzunean, landareen jatorriari begiratzen al diozu?”, bota dute galdera. Izan ere, ekologikoan aritzen diren baratzezain askok landareen jatorriari ez diola erreparatzen sumatzen dute, eta landatzen duen horrek kilometro asko egin izanari ez zaiola garrantzia handiegirik ematen uste dute. “Berez, hurbilekoa izateari ere garrantzia eman beharra zaio, ekologikoa izateari ematen zaiona bezainbeste”, argudiatu dute.

Mintegiko lanaz gain, formakuntza lanetan ere buru-belarri aritzen dira Ekoudalatxeko kideak: eskola eta ikastoletan, udaletxeetan, unibertsitatean… “Batez ere negu partean aritzen gara jardun horretan, mintegian ekoizpena oso baxua denean”, diote.