argia.eus
INPRIMATU
Topaketa agroekofeminista
“Landa eremuko feministak eta ekologistak gara, ardatz horiek gurutzatzen diren tokia da guretzat agroekofeminismoa”
  • Aramaioko talde feministak bultzatuta, agroekofeminismoaren inguruko topaketa egin zuten Arabako herrian martxoaren 4an. Euskal Herriko hainbat txokotatik 35 bat emakume batu ziren ekimenera, “lurra eta bizitza suntsitzen dituen sistemari alternatiba” lelopean. Proiektu txikitzaileez eta horiek landa eremuan eta emakumeen bizietan duten eraginaz hausnartzen aritu ziren, baita eredu suntsitzaile horren aurrean feminismotik, ekologismotik eta landa eremutik sor daitezkeen alternatibez ere.

Garazi Zabaleta 2023ko martxoaren 27a

“Martxoaren 8aren bueltan zer antolatu pentsatzen, herrian pil-pilean dagoen zentral eoliko proiektuen gaia etorri zitzaigun burura, eta hori ikuspegi feministatik lantzeko beharra sumatu genuen”, adierazi du Irati Mujika Larreta taldekideak. Talde feministako partaide gehienak ekologistak dira, eta nekazaritzatik bizi ez arren, landa eremuko herritar gisa, nekazal eta "agro" mundu hori hurbileko sentitzen dute. “Ikuspegia zabaltzea da gure asmoa: landa eremuan bizi gara, feministak gara, ekologistak. Bada, ardatz horiek guztiak gurutzatzen diren toki bezala ulertzen dugu agroekofeminismoa”, dio.

Euskal Herrian barna makroproiektuen mehatxupean dauden eta landa eremuan bizi diren emakumeen ahotsak batzea eta horiek entzunaraztea izan da topaketen asmoa. “Proiektu txikitzaile ugari dauzkagu: Lapurdin nekazaritza lurren espekulazioa, makroetxaldeak eta negutegi erraldoiak Nafarroan, Gipuzkoako zentral eoliko proiektuak…”. Mujikak gogorarazi duenez, azken 30 urteetan, espekulazioaren eta artifizializazioaren ondorioz, nekazaritza lurren 80.000 hektarea baino gehiago galdu dira Euskal Herrian: “Proiektu hauek megawatt-etan eta antzekoetan aztertzen badira, guk bizitzetan, harremanetan eta zapalkuntzetan duten eraginaren arabera neurtu nahi izan ditugu”.

Alternatibak lantzeko beharra

Agroekologia eta elikadura burujabetza, dekolonialitatea, deshazkundea, ekoizpen eta kontsumo ohiturak eta beste hainbat gai ukitu zituzten tailerrean. “Auzi horietan guztietan kritika eta autokritika egin beharra dugu, geure buruei galdetu duintasunez bizitzeko zer behar dugun, eta hori nola eskuratuko dugun”.

Topaketan ateratako ideiekin adierazpen bateratua osatzen ari dira orain kideak, eta aurrera begira, elkargune gehiago antolatzea eta alternatibak sortzen jarraitzea dute asmo. “Masa kritiko baten beharra ikusi genuen, tailerreko edukiak lantzen segitzeko eta aurrerago topaketa handiago batean berriz biltzeko”, azaldu du Mujikak. Azpimarratu duenez, hiri handiak mantentzeko landa eremuaren sakrifizioa eskatzen da gaur egun, eta horren aurrean, beharrezkoa izanen da landa eremuko emakume feministen eta ekologisten arteko aliantzak sortzen eta elikatzen jarraitzea.