argia.eus
INPRIMATU
GarbiƱe Elizegi
“Landa eremuan emakumeek lurraren, herriaren eta komunitatearen zaintzan egin duten lana aitortu beharra dago”
  • Zaintzen errealitateak ezaugarri zehatz batzuk ditu: sektore feminizatua da, prekarioa, arrazializatua eta onarpenik gabekoa. Landa eremuan, alta, ezaugarri orokor horiei aldagai bereizgarri batzuk gehitu behar zaizkiola azpimarratu dute eremu honetako mugimendu feministek. 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko azaroaren 23a

Landa eremuan, zaintzen gaia lurraren, herriaren eta komunitatearen zaintzarekin zerikusi zuzena du, Garbiñe Elizegi Baztango Mugimendu Feministako kideak argitu moduan. Azaroaren 30erako deitutako greba orokorraren aldarriekin bat egiteaz gain, landa eremuko emakumeek euren errealitateaz hausnartzeko parada izan du. "Landa eremuan, mendeetan zapaldua izan den kultura eta hizkuntzaren transmisioan eta zaintzan eragile garrantzitsuak izan gara eta gara gaur egun ere. Gure kultura, hizkuntza eta bizimodua bizirik mantentzeko ezinbertzeko lana egin dugu". 

Sistema kapitalistaren itzalpean, "sostengarriak eta burujabeak" diren baserrien lan zama handiena euren gain hartzea edo baserritik atera eta bigarren lanbide bat bilatzera behartzen ditu emakumeetako asko. Lan horiek lan feminizatuak izan ohi direla azpimarratu du Elizegik, soldata baxukoak eta zaintzarekin lotutakoak. Beste eremuetan bezala, zaintzarekin lotutako lanaren sektorea sektore arrazializatua da herrietan ere: "Migratutako eta arrazializatutako emakume ugari daude landa eremuan egoiliar moduan lanean. Hiriguneetako egoiliarren egoera sostengagaitz bera pairatzeaz gain, bakardadea eta saretzeko zailtasuna bizi dute". 

"Egoera honen aitzinean", borobildu du Elizegik, "Euskal Herriko landa eremuan zaintza sistema publiko komunitario bat eraikitzeko bidean, landa eremuak bizitza sostengatzeko duen garrantziaren aitortzatik abiatu behar dugu. Aitortza honek landa eremuko emakumeak bizitzaren defentsan egiten ditugun lan guztien aitortzatik pasatu behar du. Horretarako herri lurrak eta nekazaritza lurren banaketa, eta hiri eta herrien arteko baliabide publikoen bidezkoagoa den banaketa bat eman behar da, zerbitzu publikoak deszentralizatuz".