argia.eus
INPRIMATU
Lanbideren ateetan biluzik, murrizketak salatzeko
  • Emakumeek pairatzen dituzten pobrezia, prekarietatea eta murrizketak salatu dituzte. Martxoaren 8ko greba feministara deia egiteko ere baliatu dute ekintza.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 05
(Argazkia: Ecuador Etxea)

“Pobreziak emakume aurpegia dauka” lemadun pankarta zabalduta, Lanbidek Bilboko Mazarredo kalean duen bulegoko ateetan bildu dira Bizkaiko hainbat kolektibo sozialetako kide, astelehenean. Beraietako zenbait “biluztu” egin dira Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoaren aurrean, pobreziak, prekarietateak eta murrizketek emakumeen ehuneko handi bat larru gorritan uzten dutela salatzeko.

Emakumeek pairatzen duten prekarietatea martxoaren 8ko greba feministan parte hartzeko hainako arrazoia dela nabarmentzera datozen datuak eman dituzte. Jakitera eman dutenez, Lanbideren datuen arabera, emakumeak dira: DSBE jasotzen dutenen %58a; diru sarrerak DSBErekin osatzen dituzten pentsionisten %65a; eta enplegu prekarioak izateagatik diru laguntzak jasotzen dituztenen %67a. “Arrazoi hauengatik, eta Eusko Jaurlaritzak DSBEren erreforma iragarri duenez, egiaz pobreziarekin amaituko duen eta bizi proiektu duinak aurrera eramatea ahalbidetuko duten DSBEren erreforma bat exijitzen dugu, murrizketarik gabekoa”, adierazi dute.

Beste zenbait datu ere azpimarratu dituzte: emakumeen soldatak gizonezkoenak baino %24 baxuagoak direla; gizonezko jubilatuen pentsioak emakumezko jubilatuenak baino %37 altuagoak direla; lanaldi partzialeko hamar lanpostutik zazpi emakumeek betetzen dituztela; eta lau emakumetik batek aldi baterako lanpostuetan lan egiten duela.

Kontratu eta jardunaldi hauetako askok, era batean edo bestean, gehienbat emakumeek egiten dituzten zaintza lanekin lotura zuzena dutela adierazi dute. Beren hitzetan, “guzti honek zuzenki eragiten du gure (emakumeen) autonomian eta gure orainaldiko eta etorkizuneko eskubideetan, hauek murriztuz, eta gu hirugarren pertsonekiko menpekotasun egoeran kokatuz”.

“Osasungintzan, zerbitzu sozialetan, hezkuntzan eta mendekotasunean egiten diren murrizketak emakumeen lan, diru eta denboraren bizkar egiten dira. Behingoz, egiazko zaintzen birbanaketa soziala inplementatzea nahi dugu, eta lan eta aberastasun oro pertsona guztientzako baldintza justuetan banatzea”, aldarrikatu dute.