argia.eus
INPRIMATU
Lanbideren 585 ikastaroak gazteleraz
  • Lanbidek ikastaroak gaztelera hutsean eskaintzen dituela salatu du Administrazioan Euskaraz Taldeak. Lanbideri eskatu dio formazioa euskaraz egiteko baliabideak jar ditzala

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 17a

“Orain [Lanbidek] langabeentzat eskaintzen dituen 585 ikastaroetatik guztiak dira gaztelaniaz”, salatu du AET taldeak. “Tira, guztiak ez: euskara ikastaroak euskaraz dira”. Taldeak azaldu du herritar baten kexaren ondorioz aztertu duela ikastaroen hizkuntza. Lanbideren politika salatu, eta norabide aldaketa eskatu du AETk: “Lanbideri eskatzen diogu behar diren baldintzak jar ditzala herritarrek aukera izan dezaten halako ikastaroak euskaraz egiteko. Hiriburuetan eta UEMAko herrietan has daiteke, adibidez. Eta, horrekin batera, webguneko bilatzailea molda dezake, hizkuntzaren araberako bilaketak egiteko”.

Ertzaintzan lanpostu berrien %33 hizkuntz eskakizunik gabeak

ELA sindikatuak, bestalde, Ertzaintzako azken lan eskaintza publikoko hizkuntza politika salatu du. Urtarrilaren 14ko LEP deialdiko 424 plazetatik, 145ek ez dute euskara eskakizunik. ELAk adierazi du “ulertezina” dela hori: “Herritarren hizkuntza eskubideak ez bermatzeaz gain, Ertzaintzaren euskararen normalizazio planaren kontra doa. Izan ere, plan horren helburua euskaraz lan egitea eta herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzea da”. Plaza guztiek euskara eskakizuna izatea defendatu du ELAk, baina salatu du etengabe baztertzen den eskaera dela, eta gogoratu du aurreko LEPko 700 plazetatik 238tan ere ez zela euskara eskakizunik egiten.