Emakumeak indarkeria matxista jasan du. Lanbidek indarkeria jasan duten emakumeekiko izan ohi dituen praktika okerrak salatzeko elkarretaratzea egin dute Arartekoaren Bilboko bulegoen aurrean.
Argitan Emakumeentzako Aholkularitza Etxeak eta Berri-Otxoak gizarte-bazterketaren kontrako plataformak deitu zuten elkarretaratzea, ostegunean. “Indarkeria matxisten aurrean Lanbidek ez du planto egiten” lemapean, Euskal Enplegu Zerbitzuak indarkeria matxista jasan duten emakumeekiko darabiltzan praktika okerrak salatu dituzte, Arartekoaren babesa eskatu duen emakume barakaldarraren kasua azpimarratuz.
Lanbidek dagozkion eskubideak urratu ostean, Arartekoari babesa eskatu dio 41 urteko emakume barakaldarrak. Bi adin-txikiko ditu bere kargupean, eta ongintza-erakunde batek luzatzen dizkion elikagaiekin eta bizilagun eta senideen laguntzarekin bizirauten dute hirurek. Indarkeria matxista jasan du, eta bere aldeko ebazpen judizialak dituen arren, Lanbidek laguntzak ukatu dizkio. Arrazoia: Lanbidek eskatzen duena baino denbora motzagoa darama erroldatuta. Emakumeak azaldu du epea betetzen ez duela bere bikote ohiak udal erregistroan baja eman ziolako, indarkeria matxista kasuetan sarri gertatu ohi denez, Argitanen hitzetan. Lanbidek, baina, bereari eutsi eta laguntzak ukatu dizkio.
“Azpimarratu beharra dago Lanbidek urratu egin dituela emakumeari eta bere bi semeei, indarkeria matxista jasan izanagatik, dagozkien eskubideak babesten dituzten araudia, legeria eta dekretuak”, adierazi dute Argitan eta Berri-Otxoakeko kideek. Jakinarazi dutenez, asko dira egunerokotasunean Lanbiden gertatzen diren eskubideen urraketak salatzen dituzten emakumeak. Lanbideren praktika okerrek, irtenbideak oztopatzen dituztenez, emakumeak indarkeria egoeretara bultzatzen dituztela salatu dute.