argia.eus
INPRIMATU
Lanbidek Barakaldon duen bulego bateko zuzendaria akusatuen aulkira eramango du Berri Otxoak-ek
  • Gasteizko administrazio auzitegian deklaratuko du urtarrilaren 15ean, Barakaldoko Beurko auzoko Lanbideren bulegoko zuzendariak, auzotar baten salaketaren harira.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 09a

Barakaldoko herritar batek egindako salaketa dela eta, Beurko auzoko Lanbideren bulegoko zuzendariak Gasteizko Administrazio auzitegian deklaratuko du hilaren 15ean. Salaketa ezarri zuen herritarraren kasuan, Lanbideren bulegoan laguntza eskaera bat egin eta zortzi hilabete baina gehiagoren ondoren laguntza hori ukatu zion administrazioak. Lanbidek, dokumentu guztiak ez entregatu izan egotzi zion auzotarrari, honek Lanbidek berak emandako frogagiria esku artean bazuen ere.

Bulego honetan eman ohi den zerbitzuarekin kexu dira herritarrak, askok, “hilabeteak itxaron behar izaten dituzte” euren tramiteak egin ahal izateko. Kontutan izanik, bulego honetan eskaera egin ohi duten askoren egoera “ekonomiko larria”, zerbitzu kaskarrak eragiten dituen arazoak salatu ditu Berri Otxoak mugimenduak.

Duela bi urte ireki zuten Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoa Barakaldoko Gurutzetako auzoan. Ordutik, ugariak izan dira bertako auzotarrek igorri dituzten kexuak, bulego horretako zerbitzuari dagokionean. Iragan den abenduan esaterako, Berri Otxoak, gizarte bazterketaren aurkako mugimenduak antolatuta, Olentzerok, ikatza utzi zuen Lanbideren bulegoaren aurrean praktika txarrak eta murrizketak salatzeko.

Bulego horrek 6.000 bat herritarrei eskaintzen die zerbitzua, hain justu, Barakaldon langabezia maila handienak dauden gunean. Eustat, Euskal Estatistika Agentziaren arabera, bulegoaren inguruko auzo gehienetan langabezia tasa %20tik gorakoa da, Gurutzetan esaterako %20,66koa.