argia.eus
INPRIMATU
Lanbidearteko Akordioaren kontrako inpugnazioa kenduko du Espainiako patronalak, ELArekin adostuta
  • Espainiako Estatuko errestaurazioko FEADRS patronalak euskal esparruko Lanbidearteko Akordioaren kontra jarrita zeukan demanda kendu egingo du, ostegunean ELA sindikatuarekin bildu ostean. Bi aldeek adostu dute negoziazio fase bati ekitea sukaldaritza arloan dagoen gatazkari irtenbidea emateko eragile guztien artean, tartean EAEko patronalak eta sindikatuak.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 19a
Lanbidearteko Akordioaren 2017ko urtarrilean sinatu zuten euskal patronalak eta sindikatuek (arg: Foku / Marisol Ramirez)

Akordioa 2017an sinatu zuten alde batetik ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta bestetik Confebaskek. Azken honek Espainiako patronalaren jarrera kritikatu izan du eta epaitegietara jotzeko aukera zabalik utzi zuen.

Sukaldaritzako langileek baldintzak finkatzea izango dute orain erronka eta ELAk azaldu duenez, ez lukete lortuko patronalak atzera egitea “enpresetako langileen irmotasunik gabe”. Apirilaren 24rako greba zuten deituta hain zuzen –akordio interprofesionalaren inguruko epaiketa egun berean–. Deialdia eta mobilizazioak bertan behera uzteko konpromisoa hartu du sindikatuak, patronalaren erabaki formala jaso bezain pronto.

ELAren ustez “estrategia zuzena” eraman dute inpugnazioa jaso ondoren: “Ezinbestekoa zen demandak eragindako eremu konkretuan ekitea”. Esker onak adierazi dizkie bileretan aritutako erakunde, alderdi eta enpresei.