argia.eus
INPRIMATU
Lanbide Heziketan hezkuntza premia bereziak dituztenen ikas-prozesua bermatzeko proiektua abiatu dute
  • Ikasle guztiak, baita premia bereziak dituztenak ere, kontuan hartuko dituen curriculuma diseinatzen eta aplikatzen jarriko dituzte Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako irakasleak. Lanbide Heziketan lehenengoz egingo dela eta proiektu berritzailea dela iragarri dute, “ikaskuntza-prozesuan zailtasunak dituzten ikasleen inklusioa eta prestakuntza-arrakasta lortzea” helburu duena.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko otsailaren 01a
Erdi-mailako bi ziklotan eta goi-mailako ziklo batean abiatu dituzte proiektu pilotuak. (Argazkia: Errenteriako Don Bosco)

Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsala (IDU) da gakoa: ikasle guztiek erraz eskuratzeko moduko curriculum inklusiboa lantzeko jarraibideak proposatzen ditu IDU-k, denen aukera-berdintasuna bermatzeko eta guztien beharrak asetzeko asmoz. Hezkuntzan dagoeneko badabilen kontzeptu honen arabera, ikasleen ezberdintasunak aintzat hartu eta testuinguru hezigarri askotarikoak prestatu behar dira, bakoitzak izan ditzakeen zailtasun eta oztopoak murrizteko eta denek ikasteko aukera bera izan dezaten.

Bada, Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsala Lanbide Heziketako irakasleen artean ezagutarazteko proiektua jarri dute abian Errenteriako Don Boscon, eta helburua da gertutik hasi eta gerora EAE osoko Lanbide Heziketako irakasleengana iristea: “Ondorioak dokumentatuko dira eta sortutako materialarekin informazio komunitarioko material-banku bat sortuko da”.

Erronketan oinarritutako metodologia dagoeneko “arrakastaz” aplikatzen da Lanbide Heziketan, eta metodologia horri Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsala gehituko dio proiektu honek. Hori “aitzindaria da Espainiako Estatuan”, nabarmendu dute aurkezpenean.

"Irakasleek ez dute prestakuntzarik hezkuntza premia berezietan, ezta oztopo horiek murrizteko lan egiteko moduan ere"

IDU gelak, erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboan deitu duten proiektuan, Tolosaldea Lanbide Heziketaren eta Dislegi Gipuzkoako Dislexia Elkartearen kolaborazioa du Don Boscok. Parte hartzen duten irakasleak espezializazio-ikastaroak egiten ari dira IDUn, eta hezkuntza premia bereziei buruzko beste batzuekin indartuko dituzte. Prestakuntza horien laguntzaz, hiru proiektu pilotu egingo dituzte, erdi-mailako bi ziklotan (Telekomunikazio-Instalazioetako Teknikaria zikloa Don Boscon eta Mikroinformatika Sistemak eta Sareak zikloa Tolosaldean) eta goi-mailako ziklo batean (Mekatronika Industrialeko goi mailako teknikari zikloa Don Boscon).

Irakaslea ez denean ikasleengana iristen

“Ohikoa da irakaslea konturatzea ez dela ikasleengana iristen, baina askotan ez du jakiten nola aurre egin ikasleek dituzten hezkuntza premia bereziei. Ikasleak ez du arazoa edukiekin, eduki hori nola iristen zaion da arazoa, eta ondorioz, gelan ez dago ekitaterik, ezta inklusiorik ere. Irakasleek ez dute prestakuntzarik hezkuntza premia berezietan, ezta oztopo horiek murrizteko lan egiteko moduan ere. IDUaren esparruan prestakuntza izango balute, horietako askok aldaketak egingo lituzkete beren eskoletan, eta horrek eragin handia izango luke ikasle guztiengan”. Hala mintzatu dira proiektuaren sustatzaileak.