argia.eus
INPRIMATU
Lanbide-heziketan euskara sustatzeko planak motz
  • Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana onartu berri du Eusko Jaurlaritzak. Mikel Basabek Hala Bedi irratian plazaratutako analisian dio plan honek lanbide-heziketarako neurri txikiak planteatzen dituela, ikasle gehiagok lanbide-heziketako ikasketak euskaraz egin ditzaten. Baina bi arrazoi ematen ditu argudiatzeko planak ez duela emaitzarik ekarriko eta salatu du Hezkuntza Saila atzera egiten ari dela lanbide-heziketan euskararen gaian.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko urtarrilaren 15

Euskara plan honek lanbide-heziketan izango duen eraginkortasuna zalantzan jartzeko Basabek ematen duen lehen argudioa da lanbide-heziketa euskaraz ikasteko aukerarik ez dagoela EAE osoan (zonifikatuta dagoela eskaintza). Eta bigarrenik, salatu du Hezkuntza Saila atzera egiten ari dela lanbide-heziketako planetan euskararen gaian: dio aurreko planetan helburuen artean agertzen zela euskara, eta azken honetan agertu ere ez dela egiten. Horrez gain, ohartarazi du D ereduak atzera egin duela lanbide-heziketan 2012tik 2018ra.

Mezu honekin bukatu du Basabek analisia: "Batxilergoa euskaraz egitea bezain naturala izan dadin lanbide-heziketan euskaraz ikastea, hizkuntza-politikarako sailburuordetzak kontuak eskatu beharko dizkio Hezkuntza Sailari. Bestela ez baitu lortuko euskarak lanbide-heziketan ere egitea aurrera".

Basabek iragan abenduan ARGIAn kaleratutako iritzi artikuluan azaldua du lanbide-heziketa euskaraz ikasteko aukera nola zonifikatu duen Jaurlaritzak.

Behean duzue irakurgai Basabek Hala Bedin egindako analisia osorik:

Euskarak ezin lanbide-heziketan

"Eusko Jaurlaritzak, hizkuntza-politikarako sailburuordetzak zehatzago esanik, euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana onartu berri du. Ondo: beharrezkoa da. Beharrezkoagoa, baina, plana ona izatea eta emaitzak nabarmenak izatea. Hau da, emaitzak edonork nabaritzeko modukoak izatea.

Tamalez, ez da horrela gertatuko lanbide-heziketan: hizkuntza-politikarako sailburuordetzak jaso du, bai, lanbide-heziketan euskara sustatzeko zer egin beharko litzatekeen. Berez ez du iraultza planteatzen, kontrakoa baizik: neurri txiki batzuk hartzea, lanbide-heziketako ikasle gehiagok egin ditzan ikasketak euskaraz. Baina ez du ezer lortuko, arrazoi birengatik.

Lehenengoa, lanbide-heziketa euskaraz ikasteko eskubiderik ez dagoela. Batxilergoa bai, euskaraz egiteko aukera dago: EAEko ezein ikasle ez da behartuko batxilergoa hizkuntza batean edo bestean egitera: libre aukeratuko du. Baina duela urte eta erdi, 2018ko uztailean, lanbide-heziketako legea onartu zen, eta lege horretako 27. artikuluak, hirugarren puntuan, zonifikatu egiten du euskaraz ikasteko eskubidea. Ez gaztelaniaz ikastekoa, jakina: hori unibertsala baita. Horren osagarri, 27. artikulu horretako laugarren puntuak eginkizun hau esleitzen dio Hezkuntza Sailari: “behar diren neurriak hartuko ditu eskaintzen diren titulazio guztiak euskaraz irakasteko behar den eskola-materiala era dadin; era berean, behar diren neurriak hartuko ditu irakasleek, arian-arian, euskarazko irakaskuntza-eskariari erantzuteko euskara-gaitasun egokia eta nahikoa izan dezaten”.

Esan bai, egin ez. Egin, ezer ez.

2019ko otsailean (lanbide-heziketako euskal legea onartu ondoren, beraz), Hezkuntza Sailak Lanbide-heziketako V. euskal plana onartu zuen. 113 orrialdetan, birritan aipatzen du euskara, inolako edukirik gabe aipatu ere. Plan horretan, bederatzi eremu estrategiko daude. Euskara ez dago tartean. 43 helburu daude. Euskara ez da helburu. 170 jarduketa-ildo daude. Euskarari bat bera ere ez zaio ematen. Duela urte eta erdi eskas onartutako legeak ezarritakoaren kontra, Hezkuntza Sailak ez du neurri bat bera ere proposatu, lanbide-heziketako ziklo guztiak euskaraz egin ahal izan daitezen. Lege horrek ezarritakoaren kontra, Hezkuntza Sailak ez du neurri bat bera ere proposatu, irakasleek, arian-arian, euskara-gaitasun egokia eta nahikoa izan dezaten.

Tristeagoa oraindino: Hezkuntza Saila atzera egiten ari da. Bosgarren planean ez bezala, laugarrenean euskara bazen helburu:

“Lanbide-heziketan euskarazko eskaintza areagotzea, D eredua indartuz”. “Eredu hirueleduna garatzea, euskarazko lanbide-heziketaren eskaintza indartuz”. “Euskararen erabilera eta genero-berdintasuna bultzatzeko irizpideak txertatzea”. “Eredu eleanitza ezartzea, euskara etengabe babestuz”.

Horiek guztiak zeuden lanbide-heziketako laugarren planean. Ez ziren bete, D ereduak atzera egin baitu 2012tik 2018ra. Bete ez, ahaztu bai. Laugarren planetik egin barik datorrena, bosgarrenean jaso ere ez.

Batxilergoa euskaraz egitea bezain naturala izan dadin lanbide-heziketan euskaraz ikastea, hizkuntza-politikarako sailburuordetzak kontuak eskatu beharko dizkio Hezkuntza Sailari. Bestela ez baitu lortuko euskarak lanbide-heziketan ere egitea aurrera".