Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak, eta kritikak ez dira hor bukatzen.
Espainiako Gobernuaren Lanbide Heziketaren legeak hainbat aldaketa ekarri ditu, eta horien berri eman genuen ARGIAn. Aldaketetako bat da lehenengo mailatik ikasleak enpresetan praktikak egitera derrigortuta daudela –are gehiago, enpresetan eduki curricularra emango omen dute– eta horrek ataka batean jarri ditu irakasle bat baino gehiago, ikasle guztiek praktikak egin ditzaten enpresen bila.
Lanbide Heziketako ikasketa arlo batzuei lotuta enpresa sare handiagoa dago, baina beste arlo batzuetan zailtasun handiak daude denentzako enpresak aurkitzeko. “Irakasle batzuk eroen pare dabiltza enpresen bila, denbora pila bat igarotzen dute horretan, eta gainera ez dute inongo liberazio ordurik lehenengo mailako ikasleen praktikak bilatzeko”, kontatu digu Xabier Jimenez irakasleak, EAEko panoramaz galdetuta. Aipaturiko erreportajean Mikel Bilbao Nafarroako irakasleak aurreratu zigunez, irakasleak saltzaile bihurtu dira: “Zentroen arteko lehian, enpresetara joan behar dugu gaztetxoak saltzera, enpresa horietan aritu daitezen, beraz, enpresa horien zerbitzura gaude guztiz”.
"Irakasle batzuk eroen pare dabiltza enpresen bila, eta gainera ez dute inongo liberazio ordurik lehenengo mailako ikasleen praktikak bilatzeko"
Lehenengo mailako ikasleek, oraindik ezagutzarik apenas dutela eta sarri ongi prestatu gabe, hiru asteko praktikak egitera joan behar dute enpresetara. “Legeak dio eskolan ikasitakoa praktikan jartzen dutela enpresan, baina ez da egia, hain denbora laburrean, oraindik lehenengo mailan… Izatekotan, zeregin oso zehatzetan jartzen dituzte enpresetan eta gauza handirik ez dute egiten, denbora galdu besterik ez. Enpresa txiki ugaritatik jasotzen ari garena da erreta daudela, formakuntza kaskarra daramatela ikasleek eta langile onak baldin badira ere, hiru asterako ez duela merezi”, dio Jimenezek.
Nafarroan, filtroekin
Nafarroan lasaiago dabiltzala adierazi digu Mikel Bilbaok, eta arrazoia garbi dago: Nafarroako Gobernuak hala aginduta, lehenengo mailan enpresetara praktikak egitera joango diren ikasleek filtroa pasa behar dute: hainbat ikasgai gainditu ez dituena ez doa praktiketara, jarrera falta larria duena ere ez, klasera joan gabe kopuru bat gainditzen duen ikaslea ere ez dute enpresara bidaltzen… Ondorioz, ikasleen zerrenda asko murrizten da.
Praktika horien kezka-iturri bakarra ez da ikasle kopurua. Lege berriaren arabera, eta artikuluan kontatu genuenez, ikasleak enpresan pasako dituen ordu horietan eduki curricularra jaso behar du –aurrez ez da inoiz halakorik eskatu– eta hori ez dela inondik inora erreala argi dute bai Jimenezek, bai Bilbaok: “Paperean dena OK jarriko du enpresak, hau eta beste ikasi dutela, baina praktikan ez da erreala, ez dute inongo edukirik emango. Dokumentu ofizialetan gezurra esan beharko dugu guztiok, eta ikuskaritzak ez-ikusiarena egingo du”.
Lehenengo mailako ikasleek, oraindik ezagutzarik apenas dutela eta sarri ongi prestatu gabe, hiru asteko praktikak egitera joan behar dute enpresetara
Ebaluatu ere, enpresako tutoreak ebaluatuko du, berak ziurtatu behar du moduluei lotutako jakintzak barneratu dituela ikasleak enpresan. Garbi du Nafarroako irakasleak: “Une bat iritsiko da non enpresak esango duen ‘jakintzen %20 eman behar badut, horren ordainetan dirua (diru publikoa) eman behar didazue’, eta logikoa da, lan bat eta ardura bat eskatzen zaielako; diru-iturri bat gehiago bihurtuko da enpresentzat”. Hain justu, Espainiako Estatuan patronalak aurreratu du dagoeneko, ikasleak formatu behar badituzte, pizgarri ekonomikoak eskaini behar zaizkiela enpresei.