“Ordezkapenak egiteko balekoak, baina lanpostu finko bat lortzeko ez?”; horrela laburbiltzen dute EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoek euren egoera, klaseak ematen dituztelako, baina ezin dute oposaketetara aurkeztu, ez baitute titulu ofizialik. Egoera salatzeko Gasteizen hasi zituzten itxialdiei jarraipena eman diete Donostian.
Zakua hartu eta goizeko seiak arte
“Urte eta erdi da Hezkuntza sailari elkarrizketa eta negoziaziorako asmoa erakutsi diogula”, dio Aitzol Izquierdo irakasleak. “Ulergaitz zaigun egoera honi irtenbiderik topatzeko asmo ezak” bultzatuta, duela hilabete itxialdi mugagabea abiatu zuten Gasteizen, eta astelehenetik Donostiako EASO Politeknikora zabaldu dute itxialdia: “Garbi utzi nahi dugu ez gaudela greban, gure eguneroko klaseak ematen ari gara. Iluntzetan, zakuak hartu eta gure arazoa ikustarazi asmoz Eason elkartzen gara gaua pasatzera. Goizeko seietarako berriz dena jaso eta martxan, bakoitza bere ikastetxera”.
200 irakasle baino gehiagori eragiten die egoera honek Euskal Autonomia Erkidegoan. Tailerreko irakasle postuetan legez ari dira lanean, baina finkotasunik gabe: “Ikasketa mailagatik gure postuak betetzeko balekoak gara, baina oposaketa frogetara aurkezteko ez. Zuzenbidean adituak izan gabe ere, garbi dugu borondate kontua dela gure lan gatazka honi irtenbidea ematea. Gurekin batera zerrendetan dauden gainontzeko irakasleen eskubide eta betebehar berberak izatea besterik ez dugu eskatzen”.