Pobretuak kriminalizatzeko Jaurlaritzaren politika albiste izan da, berriz ere, azaroan. Salaketa anonimorako postontzia sortu du Lanbidek, herritar zintzoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten herritar potentzialki iruzurtien “jardun irregularren edozein susmo” salatu dezaten. Une aproposa kriminalizazio horren genealogia txikia egiteko.
2012an hasi zen Lanbide DSBE kudeatzen. PSEko Patxi López zen lehendakari 2009tik, PPren babesari eta ezker abertzalearen ilegalizazioari esker, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu ezkerreko alderdiaren ezkerrean kokatzen zen Gemma Zabaleta. Konplexurik gabeko diskurtsoa egin zuen Zabaletak hasiera-hasieratik, prestazioa jasotzeko eskubidea enplegua bilatzeko eta formatzeko jarrera aktiboarekin lotu eta betebehar berriak ezarrita, besteak beste. Modu zuzenago edo zeharkakoagoan ulertarazten zuen batzuek nahiago zutela 612 eurorekin sailburuen pare bizi, soldata bat izerditu baino. Sailburuak publikoki horrelakoak haizatzen zituen bitartean, Lanbidek pribatuan filtrazioak egiten zizkion Correo taldeari.
2012tik 'El Correo'k eta 'Diario Vasco'k hamaika aldiz eraman zuten beren azaleko lerroburu nagusietara DSBEren iruzurra
El Correok eta Diario Vascok hamaika aldiz eraman zuten beren azaleko lerroburu nagusietara DSBEren iruzurra. Barruko artikulu osoa irakurriz gero, agian, irakurleak ulertuko luke iruzurra egiazki Lanbidek berak geldotasun eta baliabide faltagatik egindako ordainketa okerrak zirela, jaso zutenek bueltatzen zutena administrazioak horrela eskatzean. Ni neu izan nintzen milaka iruzurgile horietako bat garai hartan: soldatapeko lanean hasteagatik DSBE eteteko eskaera egin nuenetik eten zidaten arte sei hilabete behintzat joan ziren; tarte horretan jasotako milaka euroak bueltatu behar nituela jakinarazi zidan Lanbidek orduan eta halaxe egin nuen. Baina zenbatek irakurriko du egunkari barneko artikulu luze oso bat, azaleko lerroburuak dena argi utzi badio?
Kasualitatea edo kausalitatea, garai hartan Lanbideko komunikazio arduraduna David González zen. 1997tik El Correoko kazetaria, bere lanpostua utzi zuen Lanbiden aritzeko 2011ko martxotik 2012ko abenduan Lópezen legegintzaldia amaitu zen arte.
Jaurlaritzaren, Zabaletaren eta El Correoren arteko lankidetza emankorra izan zen: Eusko Jaurlaritzaren txosten baten arabera, DSBEn iruzurra %0,8tik beherakoa izan zen 2012an; aldiz, herritarren %64k uste zuen “oso zabalduta” zegoela. 2012ko DSBEren aurrekontua 365 milioi eurokoa izan zen, 0,8ko portzentajea aplikatuta, 2,92 milioi euro lapurtuta diru publikotik. Eusko Legebiltzarrak eskatuta ekonomia arloko EHUko hiru katedratikok egindako ikerketak “gutxienez” 3.700 milioi euroko iruzur fiskala azaleratu zuen urte berean, DSBErena baino 1.267 bider handiagoa. Iruzur mota bakoitzaren datuak antzekoak dira urtez urte.
2012an baino politikari, hedabide eta herritar arrazistagoak eta pobretuen aurkakoagoak ditugu 2024an; baina 2025ean izango ditugunak baino toleranteagoak
Estrategia iruzurtiak indarrean eta osasuntsu dirau: “Lanbidek iragan urteko iruzurraren bikoitza detektatu du 2023an...”, zioen El Correok aurtengo uztailaren 3an “... nahiz eta kasurik gehienak administrazioaren akatsak ziren”. Lanbide utzita David González El Correora bueltatu zen, “gai judizialetan eta polizialetan espezializatuta”, hedabidean irakur daitekeenez. Pobretuen eta migratzaileen kriminalizazioa elikatzen du ordutik egunez egun Gasteiztik, delinkuentziari eta segurtasunari loturiko etengabeko albisteekin, beti ere filtrazio polizial hutsak erabilita.
Estrategia iruzurtiak indarrean eta osasuntsu dirau: 2012an baino politikari, hedabide eta herritar arrazistagoak eta pobretuen aurkakoagoak ditugu 2024an; baina 2025ean izango ditugunak baino toleranteagoak.