argia.eus
INPRIMATU
Lana

Libe Solozabal Askasibar 2021eko uztailaren 21a

Lanaren inguruan antolatzen ditugu gure bizitzak. Errutina lanaren baitan eraikitzen dugu, soldatapeko lanbidea oinarri hartuta. Gizartean txertatzeko bide bakarra den heinean, gure existentzia ziurtatzen du sistema honetan, dirua ematen digu eta estatusa. Eta hau garrantzitsua da.

Halaber, statu quo-ak pertsona batek bere komunitatean duen posizioari egiten dio erreferentzia eta maila batean kokatzen du. Harreman sozialak, kultura, diru-sarrerak eta ospea daude tartean, besteak beste. Gizarte batek pertsonei edo taldeei dieten errespetua, begirunea edota atxikitzen zaizkien gaitasunak gradu sozialaren araberakoak dira. Hori horrela, merkatuan egoteak eta produktibitateak okupatzen dute lekua gurean. Ondorioz, kanpo geratzen direnak presio handia bizi dute eta gizartean beharrezkoak ez direla sentitzen dute. Lana izan ezean ez zara baliagarria.

"Kanpo geratzen direnak presio handia bizi dute eta gizartean beharrezkoak ez direla sentitzen dute. Lana izan ezean ez zara baliagarria"

Gure sistema ekonomikoan zortzi orduko lanaldiak edo jardunaldi osoak bizitza ematen du, bizitzeko behar denerako sarbidea. Egunerokotasunean egokortasuna, janaria erosteko ziurtasuna, modako arropak erosteko dirua, akademian formatzeko aukera.

Baina, bizitza kentzen du. Eguna lanean ematen dugu, bizitzako orduek hegan egiten dute, eta bukaeran nekeak irabazi egiten die aisialdirako gogo eta indarrei. Estresaren zama osasunean nabari da eta jada ez dira nahikoak opor moduan esleitzen diren egunak.

Mbembek hala definitu zuen nekropolitika: botere sozial eta politikoaren erabilera pertsona batzuk bizi daitezkeela eta beste batzuk hil behar direla adierazteko. Sistemarentzako bizitza batzuk bizigarriak dira eta besteek ez dute balio. Gizakiak eboluzionatu du bere bizitza merkantzia bihurtzeraino. Produktibitatea ala hil.