argia.eus
INPRIMATU
“Lanari dagokion soldata” exijitzen dute Aspaceko etxebizitzetako langileek
  • Martxoan hasi ziren mobilizazioekin, eta “soldatak igo artean etenik ez” dutela izango iragarri dute. Enpresaren jarrera arbuiatu dute, “erantzun eza” salatzearekin batera.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 21
Aspaceko etxebizitzetako langileak, orain artean egindako mobilizazioetako batean. [Argazkia: Monica Cantera]

“Egun berezietan, haien garrantziaz jabetuta, gure esku dagoen guztia egiten dugu etxeko giro goxoa sortzeko”, adierazi dio ARGIAri Aspaceko etxebizitzetako langile Ainhoa Ezkerrak, Gabonetako jaiez ari dela. Izan ere, oroitarazi du berak eta bere lankideek urteko 365etan eskaintzen dutela zerbitzua, “gau eta egun”.

Emandako zerbitzua kontuan hartuta, “egindako lanari dagokion soldata” exijitzeko mobilizazioak egiten ari dira martxotik. Aspaceko eguneko zentroetan lan egiten dutenekin alderatu du euren egoera: enpresa bereko langile izanagatik, %18 gutxiago jasotzen dute. Ordutegiak eta lan mota kontuan hartuta, “gutxienez, soldatak maila berean” egotea nahi dute.

Egoerak gero eta itxura okerragoa duela salatu du Ezkerrak: “Azken lau urteetan lan karga ikaragarri handitu zaigun arren, gure soldata %0,6 soilik igo da”. Aspaceko etxebizitzetako langileen arabera, enpresari helarazitako proposamenek ez dute erantzunik izan: “Zerbitzua hobetzeko, gaueko txandan bigarren monitore bat ezartzea eskatu genuen, baina ez digute jaramonik egin”. Zaintzapean daudenen familiei euren babesa eskatuko dietela zehaztu dute.

Ezkerrak uste du “pilota enpresaren teilatuan dagoela”. Bere esanetan, “azken bileran mahaitik altxatu ginen adostasun faltagatik, eta orain eurei dagokie irtenbideak proposatzea”. Bitartean, mobilizazioekin jarraitzeko prestutasuna adierazi du. Hala ere, ez du uste grebara joko dutenik: “Pertsonekin egiten dugu lan, ez makinekin, eta haiek merezi duten zerbitzua jasotzeko eskubidea dute”.