Lan aste laburragoak ezartzeko politika orokorra ekarriko du 2025 urteak, enpresentzako kontratazio berrietarako kostu txikiak eta lan harremanetarako aldaketa norabide eraginkorra ekarriz.
Espainiako gobernu akordioa betetzeko helburuarekin, lanaldia astean 37,5 ordutara laburtzeko erreforma eragile sozialekin negoziatu du azken urte osoan zehar Yolanda Diazen Lana eta Ekonomia Sozialeko Ministerioko taldeak. Enpresaburuen ordezkariekin ados jartzeko borondate ezaren ondorioz, CCOO eta UGT sindikatuekin egindako akordioa aurkeztu zuten Gabonak baino lehenago, orain Ministro Kontseiluak eta Kongresuak onartu beharreko lege testu artikulatuarekin batera.
Lanaldia laburtzeko politika eztabaida publikoan eta agenda sozialean sartu da azken urteetan. Lan Harremanetan norabide aldaketa bat gauzatzen dabilen Europako herrialde bakarrenetakoa da Espainia, hala nola gutxieneko soldataren etengabeko igoerarekin, kontratazio ereduaren behin-behinekotasunaren murrizketarekin eta, orain, lanaldia laburtzeko akordio politiko eta sozialarekin.
Horrela, lan denborak inoiz galdu behar izan ez zuen zentraltasuna berreskuratu du, kapitalismoak esplotazio maila areagotzeko duen berezko joerari aurre egiteko bide eraginkorra baita, langile borrokaren zein mugimendu feminista eta ekologistaren aldarrikapenak bateratuz. Lan gutxiago egiteko eta hobeto bizitzeko gizarte eredu baten defentsan, bizitzarako beharrezkoak diren errenten eta lanen banaketa justua da ezinbestekoa, eta lanaldia laburtzea da horren alde egiteko politika zuzenena eta merkeena ere.
Hurrengo hilabeteetan gauzatuko den lanaldiaren laburtzeak, herritar askorentzat bizitzeko denbora irabazteaz gain, lanaldi partzialeko enpleguetan dauden soldatapeko emakumeen ia laurdenaren soldata igoera ekarriko du
Azken hamarkadetan ez da hobekuntza nabarmenik lortu lanaldiaren arloan, baina aurrekari batzuetan oinarritzen gara aldarrikapen hori orainaldian bultzatzen jarraitzeko. 90eko hamarkadako krisian, lanaldia laburtzeko borrokak ekoizpen krisiei eta enplegu galerei ikuspegi inklusibo eta berritzailetik aurre egiteko aukera bizirik mantendu zuen. Frantzian, gehieneko lanaldia 35 ordutan ezarri zuen Aubry legea da politika ildo honetako erreferente nagusia, eraginkortasun handia izan zuela erakutsita, nahiz eta "gehiago lan egin, gehiago irabazteko" produktibistan oinarritutako eskuin politikoak neutralizatu zuen haren osteko jarraipena.
Azken urteetan, 4 eguneko lan astearen esperientzia pilotuak adibide arrakastatsuak izan dira. Herri anglosaxoietatan hasita, Compromisen eskutik abiatu zen Valentziar Komunitatean halako pilotu bat ere. Ostera, Más País-ekin egindako akordioaren ondorioz, Industria Ministerioak bultzatu zuen Espainian, eta baita ezkerreko gobernuak Portugalen, lanaldia laburtzeko eztabaidan sakontzeko aukera anitzak sortuz.
Lanaldia laburtzeko politikaren egungo bultzadan eragin nabarmena izan du UGT sindikatuak asteko 4 egun edo 32 orduko proposamena egitea, lan harremanetan denboraren aldeko borroka gehien sakondu duen sindikatua izanda. Hala ere, lehenago ere defendatu dute CNT, CGT eta LABek ere aldarrikapen hori, 30 orduko lan-astera igarotzeko programarekin. Unidas Podemosek bidea ireki zuen Nacho Alvarezen eskutik, legezko gehieneko lan-astea 34 ordura laburtzeko proposamenarekin, soldata murrizketarik gabe, eta Sumar koalizioak, 32 orduen norabidea finkatuta, gobernu programan sartzea lortu zuen, 2025 urtean zehar gehiegizko legezko jardunaldia asteko 37,5 ordutara laburtzeko.
Podemos eta Sumarren arteko koalizioko negoziazio buru Nacho Alvarezek PSOEko Maria Jesus Monterorekin negoziatutako koalizio gobernuko akordioan, legezko lanaldia laburtzeko politika egitea adostu zen: "Legezko gehieneko lanaldia laburtuko dugu, soldata murrizketarik gabe, asteko 37 ordu eta erdian ezartzeko. Pixkanaka aplikatuko da, eta 38,5 ordura murriztuko da 2024an, eta 2025ean burutuko da. Hortik aurrera, mahai bat eratuko da lan munduko ordezkariekin, murrizketaren emaitzak ebaluatzeko eta legezko lanaldia laburtzen jarraitzeko, jarduera sektoreen ezaugarriak, produktibitatearen bilakaera eta testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta". Akordioan honako hau ere adostu zuten: "Denboraren erabilerari buruzko lege bat onartuko dugu, gizartearen eragile guztiekin adostuta, emakumeen eta gizonen arteko denbora antolaketa orekatuago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duena, pertsonen ongizatea eta enpresa zein elkarte sarearen eraginkortasuna sustatuz".
Aurreko legealdian Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak Marta Junquek koordinatutako ibilbide orri integral bat argitaratu zuen arren, egungo eztabaida politikoa astean 37,5 orduko lanera laburtzea aplikatzera mugatu da, bi neurri osagarrirekin batera: batetik, langileen ordezkaritzarako eskuragarri egongo den lanaldiaren erregistro digital baten derrigortasuna, eta, bestetik, lanalditik kanpoko deskonexioa betetzeko eskubide ukaezina.
2024an patronalekin negoziazio gogorrak izan ondoren, Diaz Presidenteorde eta Ministroak CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako akordioa bi fasetan progresiboki aplikatzea baztertu dute, enplegu sorreraren mugatuko lukeena. Inpaktu horiei erreparatuko diegu, erreformaren aurkako erakunde publiko zein pribatu batzuen kalkulu gehiegizkoak ikusita.
Hordagon atera zen artikulu batean azaldu bezala, Nazioarteko Diru Funtsak, Espainiako Bankuak, BBVAk, Fedeak eta Cepymek lan-astea 37,5 ordura laburtzeak izugarrizko lan kostuak eta enplegu sorrera ekarriko duela esatea ez da bidezkoa, ezta ere enpresen lehiakortasuna gutxituko lukeela. Horrela izatekotan, langabezia nabarmen murriztuko litzateke eta efektu biderkatzailea ekarriko luke ere, baina esperientziak erakusten du ez dela hori aurreikusitako ondorioa. Merkatu ekonomietan lanaldia laburtzeko enpresen erantzuna gehiegizko ekoizpen ahalmena murriztea eta lana berrantolatzea izango da.
Lan Harremanak aldizkarian argitaratutako artikuluan kalkulatu bezala, 37,5 orduko lan astea orokortzearen kasuan, enpleguan eta lan kostuetan espero diren eraginak heterogeneoak dira, eta lan harremanetarako hainbat erronka daude neurria aplikatzeko: bezeroei arreta emateko ordutegiak, jatorrizko enpresetatik kanpoko beste enpresa txikien edo autonomoen azpikontratazioa, kontraturik gabeko enplegu informalaren erabilera, lanaldia laburtzearen trukezko barne malgutasunerako aukerak, presentzia zehatzarekin lotuta ez dauden zeregin eta helburuen bidezko lanen areagotzea, eta sasoiko enpleguen gaineko eragina, nabarmenenak aipatzearren.
CEOEk eta Cepymek uko egin diote kostuak konpentsatzeko akordio global bati. Akordio horretarako enpresa txikien lehen kontratazioa eta enplegua sortzeko baldintzarik gabeko produktibitatea igotzeko laguntzak finantzatzea eskaini zuen Ministerioak. Ondorioz, beharrezkoa izango da Kongresuko tramitazioaren emendakinak edo adarreko negoziazio kolektiboari ekitea konpromiso espezifikoak lortzeko. Baina zenbat lanpostu berriez ari gara 37,5 orduko lan astearen orokortuz gero?
Argitaratutako artikuluko kalkuluen arabera, sektore pribatu osoan 37,5 ordura pasatzeak 122.000 eta 198.000 arteko enplegu sorrera ekar lezake, eta lan kostu garbiak 4.200 eta 6.800 milioi euro bitartekoak izango lirateke enpresentzat, lanaldia laburtzearen aplikazio orokorraren aurka dauden erakundeek iragarritakoak baino askoz txikiagoak eta aipatutako sektoreetara mugatuak.
Patronalaren eskakizuna lanaldia laburtzearekin batera aparteko orduak egiteko aukera malgutzea eta zabaltzea izan zen, baina ezetza eman zien Diazek, gehiegizkoak baitirelako jada. Lanaldia laburtzea, eta ez malgutzea, helburua izanda, beharrezkoa da espero diren inpaktu eta kostuei buruzko eztabaida zorrotz bati ekitea, eta hori izango da aurten aplikazio orokorreko 37,5 orduko astea lortzeko oztopo nagusia.
Legezko lanaldia laburtzea beste eztabaida batzuk irekitzeko aukera izan behar da ere, eredu sozioekonomikoa eraldatzeko programa global batean sakontzea ahalbidetuko duena. Horretarako, eguneroko orduen gaineko aplikazioa lehenesteko mekanismoekin lagundu behar da, ekonomia feministak aldarrikatzen duen zaintza lanaren banaketa errazteko, edo, ekologismoak adierazi ohi duen bezala, lan egunak gutxituz joan-etorriak murrizteko.
Hortik haratago, pizgarriak eman beharko lirateke lanaldia laburtzeko aplikazioa astean 35 edo 32 ordura arte eskuzabalagoa izan dadin, eta konpentsazio funtsak erreforma sakonagoa adostuko luketen enpresa edo sektoreentzako gorde beharko lirateke. Industria enpresa handietan eta enplegu publikoan asteko 37,5 ordu edo gutxiagoko jardunaldiak egiten badira jada, erronka lanaldi laburragoak soldatapeko sektore guztientzat orokortzea da.
Hurrengo hilabeteetan gauzatuko den lanaldiaren laburtzeak, herritar askorentzat bizitzeko denbora irabazteaz gain, lanaldi partzialeko enpleguetan dauden soldatapeko emakumeen ia laurdenaren soldata igoera ekarriko du ere, lanaldi osoan lan egiten dutenekiko jardunaldi zein soldataren ehunekoa automatikoki igoko baita.
Gobernu programak "legezko lanaldia laburtzen jarraitzeko" duen helburua betetze aldera, asteko 32 orduetara igarotzeko norabidean sakondu beharko genuke orain, neurri sakon horren ondorioak aztertuz. Aipatutako artikuluan kalkulatu bezala, enplegu sorrera handiagoak ekarriko lituzke, 816.000 eta 934.000 lanpostu berri artean, eta langabezia-tasa 3,4 eta 3,9 puntu artean murriztuko luke. Enpresentzako lan kostu garbia 22.000 eta 26.000 milioi euro artekoa izango litzateke, baina ordaindutako zerga eta kotizazio berrien, zein aurreztutako langabetuentzako dirulaguntzen ondorioz, erakunde publikoentzako aurrekontu itzulera ordaindutako soldata berrien ia %60koa izango litzateke, erreforma finantzatzeko baliabide publiko berriak sortuz.
Mikel Alvarez ‘Betelu’, Veronica Castrillon, Roser Espelt, Jon Bernat Zubiri, Lanaren Ekonomia lantaldeko kideak