argia.eus
INPRIMATU
Lanaldi partziala duten langileen %75 emakumeak dira, CCOOen txosten baten arabera
  • Espainiako Estatuan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko soldata-arrakala %24koa da, batik bat lanaldi partzialaren eraginez: lanean dauden emakumeen %25ak du, eta gizonen %7k. 2019ko datuen arabera, andreek 5.552 euro gutxiagoko soldata gordina irabazten dute urtean.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 14a

CCOO sindikatuak astelehenean aurkeztu du generoaren araberako soldata-arrakalari buruzko azterlana, eta ondorioztatu dute lanaldi partzialak direla desberdintasunaren arrazoi nagusiak. INEren 2019ko datuak erabili dituzte eta, horren arabera, Espainiako Estatuan lanaldi partziala duten langileen %75 dira emakumezkoak. Lanean dauden emakumeen %25 ari da lanaldi partzialarekin, eta gizonen %7. Hori aldatuz gero, aurreikusi dute soldata-arrakala 5.552 eurotik 2.486ra jaitsiko litzatekeela.

Txostenaren arabera, egun %24koa da emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala. Alegia, andreek urtean 5.552 euro gutxiagoko soldata gordina irabazten dute. Gogorarazi dute 2013an arrakala %32koa zela, eta ordutik beheranzko joera izan duela, CCOOen hitzetan gutxieneko soldataren igoerari esker.

Sindikatuaren esanetan, gizonentzat “koiunturala” da lanaldi partziala, baina emakumeentzat “egiturazkoa”. Besteak beste, azpimarratu dute lanaldi partzialean dauden emakumezkoen %14k “borondatez” eskatu duela, “zaintzetarako”, eta %8k “familiako beste ardura batzuetarako”. Horri lotuta, eskatu dute zaintza profesionalizatzeko “publikotasunetik”, horrela “emakumeak beren etxeetatik ateratzeko”.

Amatasuna zigortuta

Bestalde, amatasuna “zigortuta” dagoela salatu dute; izan ere, seme-alabarik ez duten emakumeen jarduera-tasa %70ekoa da, baina hiru haur edo gehiago dituztenen kasuan %57ra jaisten da zifra. Gainera, CCOOek ohartarazi du emakumeek egiten dituzten zaintza lanak “ezkutuan” daudela, eta ez direla ezta langabeen zerrendetan erregistratzen.