Espainiako Lan ministro Yolanda Diazen proiektuaren aurka agertu da Banaketa Enpresa Handien Elkartea (Anged): "Joko-arauen aldaketa" ez du onartzen.
Banaketa sektoreko enpresentzako "kostuen emendioa" eraginen luke Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak xede duen lanaldi murrizketak, Banaketa Enpresa Handien Elkarte Nazionalaren (Anged) arabera. Hori horrela, kostuei aurre egin ezinean "sorpresa txarrak" agertu daitezkeela dio egiturak: ekoizpen murrizketak eta beraz lanpostu desagerpenak. Gogorki hitz egin du elkarteko presidente Matilda Garciak: "Ariketa populista arriskutsua egitea dakar produktibitateari buruzko eztabaida guztia astean lan egiten den ordu edo egun kopuruan zentratzea".
20 enpresek osatzen dute gaur egun Anged elkartea: El Corte Inglés, Carrefour, Leroy Merlin, Alcampo, Ikea, Tendam, Obramat, Mediamarkt, Conforama, Eroski, C&A, Costco, Apple Retail, Feu Vert, Fnac, Toysrus, Aurgi, Nauroto, Action eta Dufry. Orotara, 236.000 langile dira enpresa horientzat lanean ari.
Oraingoz, Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan asteko lanaldia 40 ordukoa da gehienez. 2025. urterako 37,5 ordura apaldu nahi dute —urtean 1.712 ordu—, baina 2024a trantsizio urtea izanen da, asteko lanaldia 38,5 ordura murriztuta.