Arratia osoko argiak itzali dituzte bertako herritarrek eskualdean bizi eta lan egin nahi dutela aldarrikatzeko. Azken lau urteetan bikoiztu egin da bailarako langabe kopurua eta behargin aunitz borrokaldi luzeetan murgilduta dago. Egoera horri erantzuna eman nahian gauzatu dute “Argie amatau etorkizune izitako” lemapean antolatutako ekintza.
Arratian Lan eta Bizi! plataformak bizilagunei luzatutako deialdiarekin bat eginez, “etorkizuna pizteko” argiak itzali dituzte Arratiako luze zabalean.
Eskualdeko datuek erakusten dute bikoiztu egin dela langabezia tasa 2009tik hona. Azken urte betean %20 gehiago dira beharra galdu dutenak. Itzalaldiaren deialdia luzatu duen Arratian Lan eta Bizi! plataformak eskualdean lanik gabe dauden lagunak 1.000 baino gehiago direla salatu du.
Horren aurrean eredu alternatibo bat eraikitzen hasteko beharra nabarmendu dute.