argia.eus
INPRIMATU
Lan publikoko deialdietan adimen desgaitasuna duten pertsonak kontuan hartzeko eskatu dute
  • Enplegu publikoko plazen %2 adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gorde behar den arren, sarri ez da betetzen, eta oposizioak deitzerakoan aintzat har ditzatela eskatu dute: "Funtsezkoa da, konturatu gaitezen gizarte hau denona dela, ez gutxi batzuena".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko urriaren 17a
\"Guztiok parte izatea bilatzen duen edozein gizarte, gizarte hobea, aberatsagoa eta anitzagoa izango da\". Argazkia: Atzegi

Aniztasun funtzionala duen zenbat lagun ezagutzen dituzu lan arloan? Eta zehazki adimen desgaitasuna dutenak? Eta enplegu publikoan?... Legez, plaza publikoen %2a dagokie, baina sarri ez dira egiten haiei egokitutako deialdiak, eta beraz ez dute aukera hori baliatzeko modurik. “Administrazioak eredu izan behar du, eta kasu batzuetan hala izaten ari da gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2019ko deialdia edota Donostiako Udalaren azken deialdia kasu; beste administrazioak ere bide hori jarraitzera animatu nahi ditugu, eta ez dugu arreta %2 horretan jarri nahi, enplegu publikora sartzeko eskubidea dutela eta denon artean egin dezakegula aldarrikatu nahi dugu”, adierazi dio ARGIAri Naroa Artola Atzegiko langileak. Adimen desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten du Atzegik, Gipuzkoan.  

Kolektiboa zenbat eta inguru gehiagotan ikusi, izan lanean edo ekimen sozialetan, "orduan eta presentzia handiagoa izango dute gizartean eta beraz, ‘errealagoak’ izango dira besteentzat. Pertsona guztien eskubideak errespetatzea eta guztiok parte izatea bilatzen duen edozein gizarte, zalantzantzarik gabe gizarte hobea, aberatsagoa eta anitzagoa izango da", dio Artolak.

"Oposizio bat iraupen lasterketa bat da. Zorionez, ilusioa ez zait falta, eta gainera, laguntza handia jasotzen dut, baina ez du ezertarako balio, niretzat deialdirik ez badago"

Bide horretan, enplegu publikoko plaza bat lortzea aukera paregabea da desgaitasuna dutenentzat, baita "haien lanerako gaitasuna gizartean ikusarazteko" ere, dio Atzegiren kanpainak. Horretarako, administrazioek deialdiak egokitu eta prestatu behar dituzte, eta horretan laguntzeko borondatea erakutsi du Atzegik.

"Oposizio bat iraupen lasterketa bat da, saiatua eta arduratsua izan behar duzu, bidea ez da beti erraza. Horregatik, ezinbestekoa da oso motibatuta egotea. Zorionez, ilusioa ez zait falta, eta gainera, laguntza handia jasotzen dut. Baina ez du ezertarako balio, niretzat deialdirik ez badago", dio Marta Oronoz Atzegiko kideak, kanpainako bideoan: