Lan Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, gehiengo sindikalak manifestazioak egin ditu Bilbon eta Iruñean, lan ezbeharren kopuruak gorantz jarraitzen duela eta horren atzean prekarietatea dagoela salatzeko. CCOO eta UGT ere Bilbon mobilizatu dira.
Prebentzio neurriak bermatu ezean, "milaka langilek jarraituko dute behar besteko babesik gabe; bereziki, prekarioen daudenak", azaldu dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek Bilbon eta Iruñean ostegun honetan egindako manifestazio jendetsuetan. Lan Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean antolatu dituzte mobilizazioak, eta hildako langileei lore eskaintza ere egin diete.
Iaz, gutxienez 68 lagun hil ziren lanean, iturri sindikalen arabera, eta "modu kezkagarrian" egin du gora kopuruak: %10,2 gehiago EAEn eta %16,7 Nafarroan. Aurten jadanik 20 dira hildakoak.
"Modu kezkagarrian" egin zuen gora lanean hildakoen kopuruak iaz: %10,2 gehiago EAEn eta %16,7 Nafarroan
Laneko gaixotasunengatik hildakoak, bestalde, askotan ikusezin bihurtzen direla ere salatu dute, ez direlako "ondo erregistratzen". Eta datu esangurtasu bat ere eman dute, azpi-erregistro horretan amiantoak hildako 17 lagun daude gutxienez.
Egoera are zaurgarriagoa da emakumeentzat. ELAko La Segurtasun eta Osasun Saileko Leire Herediak Bilboko Alondegian egindako jardunaldi batean azaldu duenez, "emakumeek jasaten duten behin-behinekotasun, jardunaldi partzial edo pobrezia handiagoak eragina du euren osasunean".
"Arreta jarri nahi dugu istripu eta gaixotasun horien jatorrian –azaldu dio Hamaika Telebistari Igor Arroyo LAB sindikatuko Idazkari Nagusiaren albokoak.–. Eta jatorria da prekarietatea, lan osasuneko eta segurtasuneko legediaren urraketa etengabe bat dagoela. Arazo nagusia da ez direla neurriak hartzen instituzioetatik horri guztiari erantzuna emateko".
Baja eragin duten 36.364 istripu EAEn
CCOOk eta UGTk ere mobilizazioak egin dituzte ostegun honetan. CCOOko kideak Confebasken Bilboko egoitzaren aurrean elkarretaratu dira, "gehiegizko azpikontratazioa" salatzeko.
UGTk, berriz, manifestazioa egin du segurtasun eta osasuna "oinarrizko eskubidea" direla gogoraraziz: "Momentu honetan azken bost urtetan baja eragin duten istripuen kopuru handiena daukagu eta Eusko Jaurlaritzari exigitzen diogu talka-plan bat abian jartzeko", adierazi du Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak. Beste datu bat ere eman dute: 2021ean baja eragin zuten 36.364 lan-istripu gertatu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Ipar Euskal Herrian mobilizazioak egin dituzte sindikatuek. Donibane Lohizunen, esaterako, eraikuntza arloko FSU, CGT eta LABeko kideak elkarretaratu dira Lapix garabi enpresaren aurrean, eta martxoaren 9an Baionan zendutako Mohamed Kechoui langilea gogoratu dute, besteak beste.