argia.eus
INPRIMATU
Lan-munduan euskara bultzatzeko Lanhitz deialdia: hamar urte Jaurlaritzaren ahalegin berririk gabe
  • “Iaz baino 200.000 euro gehiago” jarriko ditu Jaurlaritzak Lanhitz deialdian, lan-munduan euskara sustatzeko. Horrela iragarri du astearte honetan EAEko Gobernuak. Aldaketa garrantzitsua da? Beste urte batzuetako datuekin konparatuta, ezetz dirudi. Izan ere, duela hamar urte baino diru gutxiago bideratuko du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zeregin horretara.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko uztailaren 22a
Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia astearte honetan, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluko erabakien berri ematen (argazkia: Irekia).

PSE-EEk PPren babesarekin osatu zuen Jaurlaritzak, adibidez, 2,2 milioi euro bideratu zituen 2010eko aurrekontuetan Lanhitz programara, orain Jaurlaritzak onartu duena baino 200.000 euro gehiago, alegia.

Eta beste 200.000 gehiago ere inbertitu zituen Jaurlaritzak 2011n, finantzen mundutik etorritako ekonomia krisiak atzeraldia eragin zuen arren.

2013an, euskara sustatzeko diru-laguntzen murrizketaren berri eman zuen Berria-k, tartean Lanhitz programan aurreko urtean baino 340.200 euro gutxiago izango zirela azalduz. 1,94 milioitan geratu zen aurrekontua, aste honetan Jaurlaritzak iragarritakotik oso gertu, murrizketa eginda ere.

Antzeko kopuruak iragarri zituen Jaurlaritzak 2016ko aurrekontuetarako ere: 1.964.000 euro, Jaurlaritzak aste honetan iragarritakoa baino 36.000 euro gutxiago, baina orain arteko azken deialdiko aurrekontua baino gehiago.

2017an sartu zituen artaziak poltsa horretan Iñigo Urkullu buru duen gobernuak, bi milioi euroren inguruan zebilen aurrekontua 1.650.000 euroraino jaitsiz.

Iaz berriz, 1,85 milioi eurokoa izan zen partida Diario Vasco-ren albiste honetan irakurtzen denez.

Urtez urte iragartzen diren kopuru gordinei eta iragartzen diren igoerei erreparatu ordez azken hamarkadako bilakaerari begiratuz gero, euskara lan munduan sustatzeko deialdia bi milioi euroren inguruan dabil aspaldi honetan, testuinguru ekonomiko txarrenetan ere, eta beraz, Jaurlaritzak aste honetan iragarritako 200.000 euroko igoera nahiko anekdotikoa da.