argia.eus
INPRIMATU
Lan karga handitu den arren, plantillaren %10 murriztu dute Galdakao-Usansoloko larrialdietan
  • Osakidetzak sei medikuren kontratuak eten dituela eta plantilla orokorraren lan baldintzak prekarizatu dituela salatu dute Galdakao-Usansoloko larrialdietako ospitalean lan egiten duten profesionalek. EAEko larrialdietan paziente gehien artatzen dituen zerbitzuetako bat da zentro hau eta urrian lan karga %20 handitu dela gogoratu dute.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 15
Galdakao-Usansoloko ospitalea. Argazkia: Wikipedia

Kontsultak itxi edota murriztearekin batera, lehen arretako itxaron zerrenda luzeek eragin dute larrialdi zerbitzuetara jotzen duten herritarrak gero eta gehiago izatea. Galdakao-Usansolon ere hala gertatzen ari dela salatu dute medikuek: “Osasungintzako arretan beste maila batzuetan ematen ari den pertsonal gabezientzako komodina bihurtu dira larrialdi zerbitzuak”. Beraien kasuan, urrian %20 handitu zaie lan karga, joan den urteko epe berarekin alderatuta, baina plantillaren %10 murriztea erabaki du Osakidetzak, sei medikuren kontratuak eten baititu.

Horrez gain, Osakidetzak profesional guztien baldintzak okertu nahi dituela kritikatu dute ospitaleko langileek: kontratu mistoak eskaini dizkiete, alegia jardunaren erdia lehen arretan eta beste erdia larrialdietan egin dezaten. Plantilla osoak erabaki du baldintza horiei uko egitea: “Kontratu misto hauek orokortzen ari da Osakidetza, eta sentsazioa dugu edozein hutsune betetzeko fitxa bihurtu nahi gaituztela; pazienteak artatzeko kalitatea jaistea dakar horrek”.

ELA sindikatuaren hitzetan, Osakidetzak argudiatu ohi du profesionalak falta direla eta langileak kontratatzeko arazoak dituela, baina atzean benetan dagoena “eskaintzen diren lan baldintzak” dira, eta “inoiz baino profesional gehiago ari dira sistematik ateratzen, bertan ez baitute aurkitzen bizi-proiektu duin bat eramateko lan baldintza egokirik”. Lan baldintzez hitz egiteko eta sei medikuak berriz kontratatu ditzala eskatzeko, ELAk urgentziazko bilera eskatu dio Barrualde-Galdakao ESIko zuzendaritzari. Mobilizazioen aukera ere mahai gainean jarri du sindikatuak.

“Basurtuko ospitalea desegin nahi du Jaurlaritzak”

Bestalde, Basurtuko bihotz kirurgia zerbitzua itxi eta Gurutzetako ospitalean kontzentratzeko asmoa du Osakidetzak, duela gutxi kontatu genuenez. Azaroaren 17an egin nahi zuen lekualdaketa, baina auzia ebatzi bitartean prozesua geldiarazi du Gasteizko epaitegi batek, kautelazko neurri gisa.

Orain, Basurtuko ospitaleko 38 zerbitzu buruetatik 36k eskutitz irekia sinatu dute, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak bihotz kirurgia zerbitzua beste ospitale batera eramateko eman dituen argudioak gezurtatuz. Besteak beste, medikuek diote kirurgia zerbitzua leku bakarrean kontzentratu eta zenbat eta paziente gehiago izateak orduan eta emaitza hobeak izango dituela esateko inongo frogarik ez duela Jaurlaritzak. Kirurgia zerbitzua kentzen badiote, Basurtuko ospitalearen etorkizuna “oso ziurgabea” izango dela diote medikuek, eta salatu dute Jaurlaritza Basurtuko ospitalearen desegitea eta osasun sistemaren pribatizazioa prestatzen ari dela.