argia.eus
INPRIMATU
LHK-ren txostena
Enplegu kalitate eskasaren bizkar handitu dituzte etekinak EAEko enpresek
  • Lan Harremanen Kontseiluak bere urteko txostenean argi gorri ugari dakartza Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomia hazkundearen aurrean. Haren presidente Tomas Arrietak ohartarazi du behin-behinekotasuna “egiturazko” arazo bihur daitekeela.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko uztailaren 12a
Bosch-eko langileen protesta joan den ekainean Gasteizen (arg. Foku / Juanan Ruiz)

Ekonomia gorantz doala diote datu makro-ekonomikoek, baina lan prekarietatea dago horren oinarrian. LHK-ren urteko balantzearen arabera behin-behineko enplegu tasa inoiz baino altuagoa da: 2009an %18,6koa zen, bada 2017an %28,5 izatera igaro da, hamar puntu gehiago, eta Arrietak asteazkenean prentsaurrean azaldu duenez, 2018ko lehen sehilekoan %29,5era egin du jauzi.

Langabezia tasaren azken urteetako jaitsiera ere engainagarria suerta daiteke: populazio aktiboa jaitsi delako jaitsi da paroa. Duela hamarkada bat baino 50.000 lanpostu gutxiago daude orain. Produktibitatea, aldiz, hazi egin da. Hau da, jende gutxiagok lan gehiago egin eta aberastasun gehiago sortzen du enpresentzat. Bitartean, soldata arrakala hazi egin da eta gutxien kobratzen duen langileen %10ak are gutxiago kobratzen du orain.

Egoera horren aurrean, greba kopuruak nabarmen egin du gora: 2016an 58.117 greba-egun egin zituzten soldatapekoek, bada 2017an 96.423 izan ziren.

Negoziazio kolektiboan ere bada argi gorririk. Hitzarmen kolektibo baten pean dauden langileak gehiago diren arren, estatalizazioak aurrera jarraitzen du eta Espainiako itunen baldintzekin –EAEkoak baina eskasagoak– lan egiten dutenak 157.155 dira, 2012an Espainiako lan erreforma ezarri zenean baina 32.000 gehiago.