argia.eus
INPRIMATU
Lan istripuek eragindako heriotzei dagokienez, azken sei urteetako zifrarik altuena jazo da 2018an
  • ELAk astearte honetan aurkeztu duen 2018ko Laneko Ezbeharren Txostenak lan istripu bidezko heriotzen areagotzea azpimarratu du. Datuok ez datoz bat Osalan eta Noploik emandakoekin.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 23a
2009an LAB sindikatuak lan istripuak salatzeko egindako mobilizazioetako bat, Donostian (Argazkia: IƱaki Queralt)

Leire Heredia, Andoni Larralde eta Pello Igeregik asteartean eman dute argitara ELAk osatutako 2018ko Laneko Ezbeharren Txostena, Nazioarteko Lan Segurtasunaren egunean. Dokumentuaren arabera, 2018an lan istripuz hildakoen zenbakia azken sei urteetako handiena da. Txostenak jasotzen duenez, 2017tik 2918ra bitartean lan istripu bidezko heriotzek %20ko igoera izan zuten Hego Euskal Herrian.

ELAren txostenak argitaratutako datuak ez datoz bat Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (Osalan) eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (Noploi) emandakoekin. Izan ere, iturri ofizialen arabera 2017an 43 izan ziren Hego Euskal Herrian lan istripuz hildakoak, eta 47 2018an. Txostenaren arabera, ordea, 54 izan ziren 2017an lan istripuz hildakoak, eta 65 ostera 2018an hildakoak.

Osalan eta Noploik gaixotasun profesionalek eragindako heriotzak ezkutatu dituztela salatu dute sindikatuko kideek, eta Europako Lan-Segurtasun eta Osasunaren Agentziak emandako datuak mahaigaineratu: gaixotasun profesionalengatik hildako langileak istripuz hildakoak baino 35 aldiz gehiago direla.