argia.eus
INPRIMATU
Lan istripuak prebenitu
  • Bi langilek bizia galdu zuten astelehenean Ondarroako portuko Santa Clara Cofradiaren fabrikan izandako lan istripuan. Konpresore baten huts egiteak amoniako ihesa eragin zuen, izotza sortzeko gai funtsezkoa. Sindikatuek eta eragile politikoek berehalakoan eskatu zuten istripuaren arrazoiak argitzea. Sindikatuek patronala salatu dute, haien esanetan lan segurtasuna ez delako lehentasun bat enpresarientzat, eta ondorioz, ez dituzte beharrezko inbertsio ekonomikoak egiten. Lan istripu hilgarri bat gertatzen den bakoitzean ohikoak diren manifestazio eta kontzentrazioak ere egin ziren.

Juan Mari Arregi 2016ko martxoaren 16a

Patronalaren eta instituzioen erantzukizunaz gain, badaude bestetzuk sindikatuek  eta enpresa komiteek beren gain hartu behar dituztenak eta ahaztu ezin ditugunak. Badaude lan istripuak eragotzi daitezkeenak prebentzio politika irmo eta etengabe batekin. Ondarroako kasuan, hainbat herritarrek ahotsa altxa dute esanez lehenago ere egon izan direla amoniako ihesak. Egun batzuk lehenago, bizilagunen arabera,  “amoniako usaina zegoen fabrikaren aurretik igarotzean”. Enpresa, udal eta administrazioez gain, sindikatuek eta enpresa batzordeak zer egin dute lehenago izandako amoniako ihesen aurrean? Ez bazitzaien kasurik egin, zergatik ez ziren mobilizatu eta produkzioa geldiarazi?

Lan istripu hilgarri bakoitzaren atzean hipokresia dirudi ikustea sindikatuak eta enpresa komiteak pankarta atzean, lan segurtasun falta eta inbertsio nahiz kontrol eza dela-eta patronala eta instituzioak salatzen. Ez gutxitan, eurak ere  dira heriotzak eragiten dituen lakra laboral horren erantzule, horien prebentzioan azkeneraino ez konprometitzeagatik.