argia.eus
INPRIMATU
Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari
  • Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.

Haritz Pascual Garjon Euskalerria irratia @fm983irratia 2024ko azaroaren 25

26 langilek osatzen dute aurtengo Nafarroako lan istripuen zifra beltza, iaz urte osoan erregistratutako 12en bikoitza baino gehiago. Azken astean LAB sindikatuak egindako bilaketari esker, ezkutuan ziren 5 kasu azaleratu dira. “Istripu hilgarrien datuak ezagutzea ez da erraza” azaldu du LAB sindikatuko lan osasunerako arduradunak, “Nafarroan, EAEn ez bezala, istripuen eta heriotza istripuen komunikazio ofizialik ez dela ematen, horregatik gure afiliatu sarea erabiltzen dugu gero NOPLOIren datuekin kontrastatzeko”. Horregatik sindikatu abertzaleak, mezu zuzena bidali dio Nafarroako Gobernuari. “Hildakoak ematen direnean, lanak eragindako hildakoak daudenean, komunikazio modu ofizialean eta gardenean ematea” eskatu du Iriartek, “Gaiaren inguruko sentsibilizazioa nahi badugu ezin ditugu datuak estali”.

2024.urte honetan izandako 26 hildakoek alarma gorria piztu dute LAB sindikatuaren esanetan. “Gauden egoera honetan justifikatuta dago alerta gorria piztu eta Nafarroako Lan Osasunerako kontseilua aktibatu, deitu eta beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea” esan du Nafarroako arduradun Imanol Karrerak, “Gobernuak ez badu hori egiten, ekidin daitezkeen nafar langileen heriotza gehiago eragingo direla”. Sindikatu abertzaleak gainera hausnarketa egin du lan istripu larrien inguruan, “Egungo lanak geroz eta seguroagoak badira, zerbitzuak gailentzen ari badira…nola da posible heriotzek goruntz egitea?”.