argia.eus
INPRIMATU
Lan-hitzarmenean lortutako akordioak bermatuko dituzten foru aurrekontuak eskatu dituzte Apdemako langileek
  • Asteartean, Arreta goiztiarreko zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute Arabako Batzar Nagusien aurrean, Apdemarekin lortutako lan-hitzarmenaren akordioak bermatuko dituzten foru aurrekontuak eskatzeko.

Hala Bedi @halabedi 2021eko abenduaren 22a
Argazkia: Hala Bedi

Mobilizazio zaratatsua egin zuten asteartean Arreta goiztiarreko zerbitzuko langileek Arabako Batzar Nagusien aurrean, lan-hitzarmenaren negoziazio kolektiboan Apdemarekin lortutako akordioak bermatuko dituzten foru aurrekontuak eskatzeko. Apdema elkarteak Arreta goiztiarreko zerbitzua kudeatzen du lankidetza-hitzarmen bidez. Zerbitzu horren finantzaketaren ardura Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearena da eta horren esku dago langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea bermatuko dituen aurrekontuak onartzea.

Elkarretaratzea Arabako Batzar Nagusietan egin zuten, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aurrekontuen zuzenketa partzialak bozkatu zituelako asteartean Gizarte Ongizaterako Batzordeak. Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularreko batzarkide taldeek zuzenketa bana aurkeztu zuten, 350.000 euroko aurrekontuarekin, Apdemako Lan Hitzarmenean sinatutako lan baldintzak bermatzeko. Mobilizazioarekin EAJ eta PSEk ere aldeko botoa eman dezatela lortu nahi zuten langileek: "Apdemako langileok lehen lerroan gaude egungo pandemian, eta EAJk eta PSEk ikusezin egiten gaituzte Arabako aurrekontuetan, horregatik entzungo gaituzte", azaldu dute.

"Gogoratu behar da Apdemako profesionalek foru titulartasuneko oinarrizko zerbitzu publikoetan lan egiten dutela, eta zerbitzu horien erantzukizuna Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeari dagokiola, eta, beraz, zerbitzu horiek finantzatzeko erantzukizuna administrazioarena baino ez dela", adierazi dute Apdemako langileek. Hala ere, gogorarazi dute Gizarte Politiketako Diputatu Emilio Solak aurreratu zuela ez zutela aurreikusten dibertsitate funtzionalaren sektoreko langileentzako igoerarik. Horrela, azpikontratatutako langileen soldata-arrakala areagotzen ari direla salatu dute langileek, eta ez dutela errespetatzen Apdemako negoziazio kolektiboan lortutako aurreakordioa.