LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatzen duten lan osasuneko intersindikalak agerraldi publikoa egin du Bilbon, 2024ko ezbeharren txostenaren harira. Azken hamar urteetan 612 langile hil dira istripuz Euskal Herrian, 64 pasa den urtean.
Sindikatuek aurkeztutako txostena bi zatitan dago banatua, alde batetik, sindikatuek lortutako datuei dagokiena, eta bestetik, datu ofizialen inguruko hausnarketa.
Sindikatuek emandako datuek erakusten dutenez, sektorearen araberako desberdintasuna nabarmena da, sektore batzuetan istripuz hiltzeko probabilitatea handiagoa baita. Hala, sektore bakoitzean aritzen den langile kopurua haintzat hartuta, basogintza intentsiboak utzi ditu aurten ere datu latzenak, hiru hildako izan baitira. Hala ere, hildako gehienak industrian izan dira (19), istripuetako asko makinen araudia betetzen ez delako; garraioan 14 hildako izan dira, eraikuntzan 11, nekazaritzan 3 eta arrantzan 2 hildako.
Sindikatuek datuak baliatu dituzte egoera salatzeko, istripu kopuruen igoerak etenik ez duela diote, nahiz eta gero eta jende gehiagok istripu traumatikoak eragiten dituzten sektoreetatik kanpo lan egiten duen, hots, zerbitzu sektorean, langileen %73 aritzen da sektore horretan. Gainera, azpikontratek sustatzen duten "prekarizaizoa" ere salatu dute, kasu hauetan, osasun araudia neurri txikiagoan betetzen da eta horrek heriotza kopurua handiagotzen du.
Datu ofizialekiko mesfidantza
Datu ofizialei dagokienez, 2024an enpresek eta lan mutualitateek 102.000 istripu aitortu zituzten eta haien erdiak baja hartu zuen. Hala ere, sindikatuek kritikatu dute istripuetako asko aitortu gabe egotea; horren adibide gisa irailaren 16ean Irunberrin eraikuntza lanetan ari zen 42 urteko langilearen kasua aipatu dute, non mutualitateak hildako langileak izandako istripua lan istripu izan beharrean istripu arruntzat hartu zuten.
Mutualitateen jokabidea salatzeko ere probestu dute prentsaurrekoa, izan ere, enplegu zentru berezietan istripu traumatiko nabarmenenak ez dira lan istripu gisa onartzen, langileek duten aniztasun funtzionalaren ondorioz, hori baliatzen baitute lesioarengan enpresak duen ardura aldentzeko.