Tomás Arrieta LHK-ko presidentearen ustez, "enplegua babesteko" enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak irailetik aurrera luzatu behar dira, eta "aldi baterako soldata murrizketak" onartu beharko lituzkete langileek.
Tomás Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidenteak Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, pandemiak "oso modu nabarmenean" eragiten dio ekonomia osoari. Eragin negatiboa duten "salbuespenezko neurriak" hartu beharra defendatu du, baina ondorioak langilegoan zamatuz. Langileei "Aldi baterako soldata-murrizketetan pentsatzea" gomendatu die, "enplegua babesteko helburuarekin". Kontrara, enpresentzat “karga fiskalaren atzerapena” gomendatu du.
LHK-ko presidentea enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak (ABEE) luzatzearen alde agertu da, tresna "oso eraginkorra" omen delako enpresei behar duten “malgutasuna” emateko, “malgutasun ona”. Arrietak gaineratu du kezka nagusia ABEEk berehala etetea eta kaleratze kolektiboak gertatzea dela.
Arrietaren esanetan, “horren berria" den egoeran, "irudimentsuak eta proaktiboak" izan beharra dago, eta zentzu horretan, ABEEk enpresetan ezarri behar diren “beste ekintza batzuekin” osatu behar direla uste du. Zehazki, lan egiteko modua "modalizatu" egin behar dela dio, telelanari erreferentzia eginez; telelana “geratzeko” etorri dela azaldu du, eta "erregulazio argiagoa" eskatu du.
Negoziazio kolektiboaren egoerari dagokionez, hitzarmenak sinatzearen konparazioa "txarra" dela esan du, COVID-19ak "negoziazio kolektiboaren zati handi bat" geldiarazi zuelako. Ondorioz, hitzarmenak berritzeko prozesua "oso urria izan da, apenas heldu da %3ra”. Dena dela, bere ustetan ez dago erabat oker, izan ere, “aurreko urteetan etxeko lanak egin ziren”, indarrean dauden eta baldintza eguneratuak dituzten hitzarmen kolektiboei dagokienez.
"Horrek esan nahi du une honetan Euskadin soldatapeko bi pertsonatik batek hitzarmen kolektibo bat duela indarrean”. Termino kualitatiboetan, ordea, ez du aipatu zeintzuk izan diren hitzarmen kolektibo horietan aplikatu diren neurriak, ezta zein egoeratan uzten dituzten langileen baldintzak, kontsumo prezioen indizeari eta lan eskubideekin lotutako bestelako irizpideei dagokienez.