argia.eus
INPRIMATU
Lan gaixotasunen %90 ezkutuan daude oraindik
  • Milaka lan gaixotasun eta istripu aitortzarik gabe geratzen da. Horren adibide, hainbat sindikatuk plazaratu dituzten kasu hauek: iragan larunbatean lanetik etxera bueltan istripuz hildako langilea; laneko gaixotasun psiko-sozialak; produktu toxikoekin harremanetan laneko minbizia garatzen dutenak, batez ere emakumeak; eta COVID-19a lan gaixotasun gisa aitortu ez zaien milaka langile sozio-sanitarioak.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 26a

Apirilaren 23an, Artiach enpresako 36 urteko emakume langilea Zaratamon hil zen istripuz, lanetik etxera zihoala. Euskal Herrian aurten izan den 21. istripu hilgarria da. LAB sindikatuak salatu duenez, "lanetik etxera zihoala gertatutako istripua izanik, Lan Ikuskaritzak ez du bere horretan ikerketarik irekiko eta trafiko istripu arrunta balitz bezala kudeatuko dutelakoan gaude. Baina LAB sindikatutik argi utzi nahi dugu in itinere istripuak, lan istripuak izaki, kontrolagarriak direla neurri handi batean". Nabarmendu dute istripu honek hainbat ezaugarri bistaratu dituela: " Istripua goizeko 6:00etan gertatu zen, gaueko txanda amaitu eta gero. Gaueko txanda amaitzean, nekea arrisku faktore garrantzitsua da. Ba al dago arrisku faktore garrantzitsu hau enpresaren arrisku ebaluaketan identifikatua? Integratu al da neurri prebentiborik hau kontrolatzeko? Ba al du enpresak mugikortasun planik? Honi lotu behar zaio langilea behin behineko kontratupean zegoela".

Osalani eta ikuskaritzari eskatu diote lanerako bidean izaten diren istripuak ikertzeko: "Administrazioak berak in itinere istripuak ez baditu ikertzen, enpresek ere ez dute hauek kontrolatzeko neurririk hartuko. Beraz, Osalani exijitzen diogu jar dezala abian in itinere istripuak kontrolatzeko kanpaina eta mugikortasun planak integratu ditzala lehenbailehen. Neurri hauen integrazioak in itinere istripuen indizea neurri handi batean kontrolatuko lukeelako".

Lan desplazamenduetan izaten diren istripuek emakume aurpegia dute, izan ere, hauek dira lanaldi zatikatuak gehien dituztenak eta horrek desplazamendu gehiago egin beharra dakar.

Laneko gaixotasun psiko-sozialak ere ezkutuan

ESK eta STEILAS sindikatuek elkarrekin atera duten agirian diotenez, arrisku psiko-sozialena da lan gaixotasunen artean zaku ezkutuena: "Arrisku psikosozialak oraindik ere itzal-itzalean daude mutuentzat eta prebentzio zerbitzuentzat. Lan erritmo gehiegizkoak, enpresa kultura toxikoak, aginte oldarkorrak, gehiegizko zereginak eta funtzioak...". Arrisku horiek gogorren emakumeek jasaten dituztela adierazi dute, "gizonek baino gehiago sufritzen baitute 'presentzia bikoitza', beren lanaldi bikoitzetan pilatzen diren zainketa lanen etengabeko kezka". Sindikatuek salatu dute oraindik ere ez direla neurtzen, aztertzen edo konpontzen arrisku psikosozialei lotutako gaixotasun psikologikoak eta psikiatrikoak: "Estresa, antsietatea, depresioa eta, azken buruan, suizidioak, oraindik ere ezkutatu egiten dituzte mutuek eta prebentzio zerbitzuek eta, ondorioz, lan gaixotasunak izango ez balira bezala tratatzen dira, eta, beraz, enpresen erantzukizuna estali egiten da".

Lanak eragindako minbiziak milaka, bistaratuak dozenaka

CCOO sindikatuak ere adierazi du lan gaixotasunen %90 ezkutuan daudela. Gihar eta hezurrekin zerikusirik ez duten gaitzak dira laneko moduan aitortzen ez direnak, hain justu: minbiziak, buru nahasmenduak eta patologiak. Gessamí Forner kazetariak El Salto hedabidean landu duen erreportajean datu hau jaso du: minbizien %4 eta %12 artean, laneko esposizioei lotuak dira.

Erreportaje horretan CCOO sindikatuak adierazi duenez, laneko gaixotasun gisa aitortuak diren minbizi gehienak maskulinizatutako lan sektoreetakoak dira, industriakoak, alegia. Aldiz, feminizatutako lan sektoreetako minbiziak dira batez ere ezkutatzen direnak, lan gaixotasun izaera ukatzen zaienak: produktu toxikoekin kontaktuan aritu behar duten garbitzaile edo ileapaintzaileena, adibidez.

Laneko gaixotasun gisa ez identifikatzeak ondorio larri bat dutela ohartarazi dute: "Ez dela hauen prebentziorik egiten. Beraz, milaka langilek gaixotzen jarraituko dute".

COVID-19 lan gaixotasuna da langile sozio-sanitarioentzat

ESK eta STEILAS-ek elkarrekin argitaratu duten aipatutako agirian diote sozio-sanitarioen alorrean COVID-19a lan osasun gisa aitortu izatea ez dela "baketsua izan". CCOO sindikatuak emandako datuen arabera, Espainiako Estatuan Osasun sailak onartzen du 2020-2021 urteen artean sozio-sanitarioen artean 180.000 pertsona kutsatu zirela COVID-19az, baina hauetatik 26.000 soilik hartu zirela lan gaixotasun moduan. Eta lan gaixotasun moduan onartua izateak dakar horren araberako ordaina jasotzea.