argia.eus
INPRIMATU
Lan eta pentsio erreformen kontra mobilizazio bateratuak egin dituzte sindikatuek
  • Asteazkenean kalera atera dira Hego Euskal Herriko milaka langile, “lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde”. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek deitu dituzte mobilizazioak, eta hainbat eragile sozialek bat egin dute.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 02a
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hainbat herritan egin dituzte manifestazioak. / Argazkia: LAB.

Manifestazio jendetsuak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hainbat herritan. Espainian eztabaidatzen ari diren lan eta pentsio erreformak deusezteko eskatu dute, ez dietelako “inongo erantzunik” ematen Euskal Herriko mugimendu sindikal eta sozialen eskaerei. “Lan, pentsio eta bizi baldintza duinak” aldarrikatu dituzte.

Sindikatuek ohar bateratua kaleratu dute, “norabide aldaketa sakona” galdegiteko instituzioei. “Kezka” adierazi dute pentsioen erreforman eta lan erreforman hartu nahi dituzten erabakien aurrean. Salatu dute pentsioen lege proiektuan erretiro aurreratuan murrizketak ezarri nahi dituztela eta ez dela bermatzen 1.080 euroko gutxieneko soldata, ezta genero arrakala gainditzea ere. Bestalde, kritikatu dute lan erreformak ez duela jasoko Euskal Herriak bere lan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea, eta ez dela indargabetuko, besteak beste, langileak kaleratzeko erraztasuna. Azpimarratu dute mobilizazioen helburua dela “erreforma horiek baldintzatzea”.

Sindikatuek neurri politiko zehatzak aldarrikatu dituzte: “Gutxi batzuen botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak, gure herriaren eta planeta beraren biziraupena erdigunean jarriko dituztenak”.