Abenduaren 1erako manifestazioak deitu dituzte ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, CGT eta CNT sindikatuek, Espainiako Gobernua prestatzen ari den lan eta pentsio erreformen kontra eta "bizi duin baterako burujabetzaren" alde.
"Europar funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira, eta hori inola ere ezin dugu onartu", hala adierazi du Hego Euskal Herriko sindikatuen gehiengoak abenduaren 1erako manifestazioak deitzeko agerraldian. Azaldu dutenez, Espainiako Gobernuak funts horien transferentziaren bigarren zatia lortzeko "ezinbesteko baldintza" bezala du lan eta pentsioen erreforma egitea, "beltzez jantzitako gizon berriek argi berdea eman diezaioten".
Pentsioen erreformaren kasuan, lege-proiektuak erretiro aurreratuan murrizketak ezarriko dituela salatu dute eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ez dela inolaz ere bermatuko. Lan erreformaren ingurukoak "are ilunagoak" dira euren esanetan, baina lan-hitzarmenen erabakigunea Euskal Herritik kanpora eraman nahi dutela uste dute. Zentzu horretan, diote Hego Euskal Herriko erakundeek ez dutela eredua benetan aldatzeari buruz "ezer jakin nahi".
Abenduaren 1ean mobilizazio eguna deitu dute hiriburu eta eskualdeetan Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizi duin baterako burujabetza lelopean. Era berean, bat egin dute larunbatean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituriko mobilizazioarekin.
Pentsioak %6 gutxiago
Espainiako Gobernuak proposatu duen pentsioen erreformak murrizketak ekarriko dizkio egun lan-merkatu arautuan ari den eta erretiroa hartu behar duen herritarrari. Madrilek Bruselarekin adostutakoaren arabera –europar funtsak jasotzeko baldintza gisa–, pentsioak kalkulatzeko epea luzatu egingo da eta kotizaturiko azken 25 urtetik 35 urtera igaro liteke, oraindik guztiz zehaztuta ez dagoen arren.
Niko Cuenca ekonomialariak ETB1eko Egunon Euskadi saioan azaldu duenez neurri horrek zer murrizketa ekarriko duen kalkulu batzuk egin dira dagoeneko: "%6 edo %6,3 inguru jaitsiko lirateke pentsioak 35 urteko epe hori aintzat hartuta", azaldu du, eta autonomoen kasuan kaltea are handiagoa litzateke bere esanetan, %10eko murrizketarekin.
Petsioen erreformaren inguruko bozketan Hego Euskal Herriko alderdien ordezkariek Madrilen izango duten jarrera ikusteke dago. Zentzu horretan, Mitxel Lakuntzak ELAko idazkari nagusiak ostegun honetan Euskadi Irratian ziurtatu du "EAJren eta EH Bildure esku" dagoela erreforma botoen bidez geldiaraztea.