Hainbat emakume-langile esplotatu eta horiei sexualki eraso egin dieten jabeen taberna pinturaz margotu zuten ezezagunek domeka gauean Getxoko Areeta auzoan. Pinturaz gainera, aldarri bat ere margotu zuten ondoko horman: "Erasoen aurrean klase batasuna".
Urriaren 10ean Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu zituen Getxoko Areeta auzoko taberna batean lan-esplotazioa eta sexu-erasoak egitea egotzita.
Establezimendu horren jabeari emakumeen kontrako sexu-erasoak leporatu dizkiote, zerbitzariei ukituak eta sexu-eskaintzak egiteagatik. Hori guztia salatzeko asmoz, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen urriaren 11n eta Itzubaltzetako Talde Feministak (ITF) ere bat egin zuen deialdi horrekin.
Atxiloketak sei emakumek jarritako salaketei esker izan dira; horiek ez zuten Euskal Herrian bizitzeko eta lan egiteko baimenik, eta, azaldu dutenez, lokalaren jabeak ez zituen kontratupean lanean. Hartara, ez zeuden Gizarte Segurantzan alta emanda.
Ikertzaileei azaldu zietenez, astean sei egunez eta egunean hamar orduz lan egitea eskaini zieten, hilean 1.000 euroren truke. Lanean hasi zirenean, ordea, bestelakoa zen topatu zutena: ezin zuten lanaldi osoan atsedenik hartu, gaixorik egonda ere lanera joan behar zuten eta eguneko 20 eurokoa zen euren soldata.
Halaber, biktimek salatu dute lanean ari zirela tabernaren jabeak ukituak egin eta sexu harremanak eskatzen zizkiela; trukean, udalerrian duen beste lokal batean lo egiten uztea edo atzerrian zituzten senide eta lagunak Euskal Herrira ekartzen laguntzea.
Polizia-ikerketak biktimek esandakoa berretsi du, eta ondorioztatu du ikertutako hiru pertsona horiek egoera irregularrean dauden pertsonak lanean jartzen ari zirela 2018tik.