argia.eus
INPRIMATU
Presoen gaian lan esparru berria zabaldu dute Ipar Euskal Herriko ordezkariek eta Frantziako Gobernuak
  • Abenduaren 9an manifestazio handia izanen da Parisen. Halaxe adierazi du euskal preso politikoen alde ari den talde antolatzaileak. Paristik aire berriak omen datoz. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziako Justizia Ministerioak lan esparru berria zabaldu dute azken asteotan.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko urriaren 24a
Parisko manifestazioa buru-belarri ari dira prestatzen antolatzaileak. Baionako agerraldi hau lekuko.

Frantziako Justizia Ministerioak eta euskal ordezkaritzak bi bilkura esanguratsu egin omen dituzte dagoeneko. Euskal presoen egoera “geldia” mugiarazteko lerro berria zabaldu da ordezkaritzak berriki adierazitakoaren arabera.

Euskal ordezkaritza horren talde eragiletako Bake Bideak erran berri duenez, euskal presoen auziari buruzko “lan esparru bat” zabaldu da. Presoen auziak “berealdiko neurriak” eskatzen baititu.

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza esparru politikoko jende esanguratsuak osatua dago. Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapez Jean Rene Etchegaray, Giza Eskubideen Frantziako Ligako ohorezko lehendakari Michel Tubiana, Laborantza Ganbararen sortzaile Mixel Berhokoirigoin, Pirinio Atlantikoetako diputatu Vincent Bru eta Bake Bidea elkarteko lehendakari Anaiz Funosas dira ordezkarietako batzuk.

Anaiz Funosasen hitzetan, “Parisko Gobernuaren jarrerak ustekabean hartu gaitu. Irekidura gisako bat da ‘lan esparru’ bat zabaltzea euskal preso politikoaren auzian”.

Euskal ordezkaritzaren iritziz, Frantziako Gobernuaren jarrera berriak biziki lagundu dezake iragan udaberritik Parisen apailatzen ari den manifestazioa sustatze alderat.

Presoen gaia gaurkotzeko beharra handia dago aspaldidanik, Antolatzaileek hartutako prestaketa kontuan harturik, abenduaren 9an Parisen izanen den manifestazioa mugarri izatea igurikatzen da.