argia.eus
INPRIMATU
Lan erreformaren kontra hasi den mugimenduak “amets jenerala” du xede
  • Lau egun igaro dira jada, zakua eta kanpin denda eskutan, Parisko Place de la Républiquen lehenengo manifestariak bildu zirenetik. Martxoaren 31n aldaketa politikoa aldarrikatzera kalera atera zirenei ehunka herritar batu zaizkie denbora tarte honetan, estatuko 15 hiritan banaturik.

Iñaki Aguirre Perez 2016ko apirilaren 04a
République plazan biltzen diren herritarrek poliziaren jarrera salatu dute: lehen egunetan plazatik irtenarazi eta kanpalekua suntsitu diete (argazkia: Nuit Debout).

“Nuit debout” (Gaua zutik) izenpean, M-15 mugimendu espainiarrarekin parekatua izan den fenomeno berri hau Frantziako egoera politikoaren kontra altxa da, François Hollanderen gobernuak inposatutako lan erreformari erantzun zuzena eman nahian.

Astelehen hau martxoak 35 dela diote errepublikako plazetan topatzen direnek, aurreko osteguneko greba orokorraren jarraipen bezala jaio baita mugimendua. Geroztik, hitzaldi, asanblada eta kontzertu artean, kontzentrazioen tamainak eta antolamenduak gora egin du, euriteak eta komunikabide nagusien axolagabekeria jasan behar izan badituzte ere.

Poliziaren erasoak ere salatu ditu antolakuntzak, lehenengo egunetan plazatik jendea irtenarazi eta kanpalekua suntsitu dietela adieraziz.

Azken hilabeteko mobilizazioetan, sindikatuek behin eta berriz aldarrikatu dute Myriam El Khomri ministroaren izena daraman lan legeak “langileen eskubideentzako atzerakada” ekarriko lukeela,  kaleratzeak erraztu eta hitzarmen kolektiboak enpresen erabakien menpe uzten dituela argudiatuz. Le Parisien egunkariaren galdeketa baten arabera, frantsesen %70 erreformaren aurka egongo litzateke.

“El Khomri” lege-proiektuari aurre eginez jaio den arren, Nuit Debout mugimendua haratago doa, besteak beste, errefuxiatuekin elkartasuna, feminismoa eta LGBT kolektiboaren aldarrikapenak bateratuz, Frantziako eredu politikoa goitik behera aldatzeko “amets jeneralarekin”.